Zahar etxeak

Nafarroako egoitzetan 155 kasu aktibo daude

Uztailaren 1etik, 25 egoiliar hil dira Nafarroan COVID-19arekin. Orain, hemezortzi daude ospitaleratuta.

Tuterako (Nafarroa) zahar etxe bat, itxita. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 13a
12:36
Entzun

COVID-19a dutenen kopurua egonkor mantentzen ari da Nafarroako egoitzetan. Gaur eman du datuon berri Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak: atzo 155 kasu aktibo zeuden zahar etxeetan, eta joan den astearen amaiera aldera, 158. Koronabirusa atzeman dieten langileak, berriz, 58 dira.

Atzemandako kasuetatik hemezortzi erietxeetan daude, 64 egoitzetan sintomekin eta gainontzeko 53ak ere egoitzetan, baina sintomarik gabe. Uztailaren 1az geroztik zahar etxeetako 25 egoiliar hil dira Nafarroan COVID-19arekin, horietatik hemezortzi erietxe batera eramanak izan ostean.

Txibiteren gobernuak hartutako azken neurriak direla eta, gogortu egin dira baldintzak egoitzetako bisitentzat ere. Salbuespen batzuk mantendu dituzte: ustez hilzorian daudenek jaso ditzakete bisitak, euren egoera hobetzeko beharrezko dituztenak ere bai, eta egoera asko okertu zaienek ere bai. Zentroen inguruko «ibilbide seguruetan» ere paseatu daitezke egoiliarrak.

Atzemandako kasuen kopurua behera egiten ari da desgaitasunak dituztenen zentroetan. Han bederatzi kasu aktibo daude —hamabi ziren joan den aste amaieran—, eta bi daude ospitaleratuta. Hemeretzi dira kasu aktiboak dituzten langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.