Ingurumena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugaritan dago lindanoa

Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroetako (Bizkaia) sei gunetan legez onartutakoa baino lindano kantitate handiagoa atzeman dela jakinarazi du Ekologistak Martxan talde ekologistak.

Nerbioi ibaia Laudotik pasatzen den tokian. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 14a
13:55
Entzun

Ekologistak Martxan erakundeak ohartarazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugari lindanoarekin kutsatuta daude. Talde ekologistak aurkeztu berri duen txosten batean jasota dago salaketa hori; Lindano: ondare toxiko baten gaurko egoera izena du azterlanak, eta bertan 2017. eta 2018. urteetan egindako lindano analisien ondorioak jaso dituzte. Talde ekologistarentzat, «bereziki kezkagarria» da Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroen inguruko (Bizkaia) sei gunetan atzeman den lindano kopurua:  2017an eta 2018an substantzia toxiko horren urteko kantitatea legez onartuta dagoen mailatik gora egon zen sei eremutan. Bildutako datuak Uraren Euskal  Agentziak egindako 1.667 analisitatik atera ditu Ekologistak Martxan-ek.

Horrez gainera,  talde ekologistak jakinarazi du 2017an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibaietan egindako analisien %,1,4k gainditu zutela legez onartutako lindano kantitatea, eta «bereziki kezkagarria» dela 2018ko datua, aztertutako lurzoru eta ibaien %11,9k gainditu zutelako legez onartutako muga.

Ekologistak Martxan-ek gogoratu du lindanoa substantzia oso arriskutsua dela, eta hainbat kalte eragin diezazkiela bizidunei. Pestizida gisara erabili izan da, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak minbizia eragin dezaketen produktuen zerrendan sartu zuen 2015ean. Lindano hondakinen kudeaketa falta dago auzi honen atzean, Javier Vazquez Ekologistak Martxan taldeko ordezkariaren iritziz: «Agintariek ez dituzte behar bezala kudeatu hondakin horiek, eta herentzia hori jasotzen ari gara orain».

Taldeak eskatu du lindanoa desagerrarazteko, eta administrazioei eskatu die neurriak ezartzeko kontrolatuta ez dauden isuriak detektatzeko eta hondakinen, lurzoruen eta uren deskontaminazioa egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.