Lan gatazka

Lortu dute akordioa Gipuzkoako metalgintzan

UGTk ez beste sindikatu guztiek eman diote baietza hitzarmenari. ELAren baietzaren ostean, beste babes bat falta zen, eta LABek akordioarekin bat egitea erabaki du patronalak berdintasun batzorde bat martxan jartzea eskaini ondoren

Sindikatuetako kideak, gaurko bilerara sartzen. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2020ko urriaren 14a
16:53
Entzun

Gipuzkoako itunik handienean, metalgintzan (40.000 langile inguru), hitzarmen berria adostu dute sindikatuek eta patronalak. Patronalak mahairatutako azken proposamena ELAk bakarrik onartu zuen, eta beste sindikaturen baten babesaren zain zegoen, hark ordezkaritza handiena duen arren —ia %49— ez baitzen nahikoa eragin orokorreko akordio bat egiteko. Hala, gaur LABek eta CCOOk ere baietza eman diote akordio berriari, Adegik eginiko berritasunak direla medio, eta itxi dute negoziazioa. Nahiz eta UGTk ez duen nahikotzat jo. Hitzarmenak 40.000 lagun ingururi eragiten die.

Gipuzkoako patronalak adierazi zuen eskain dezakeen akordiorik onena eskaini duela, iritsi dela mugara, eta pilota sindikatuen teilatuan dagoela. Baina hori helarazi eta egun gutxira, mahaira deitu zituen. Genero berdintasuna zegoen LABek aipatutako gabezien artean, esaterako, eta Adegik alor horretan mugitu du fitxa. Berdintasun batzorde bat jarriko dute martxan, edukiarekin eta egutegi batekin; izan ere, 2009ko ituna egin zutenetik, adostuta zegoen berdintasun batzordea eratzea. Kontua da urteotan ez dela batzarrik egin. Orain, berriro martxan jarriko dute. Gainera, langileen osasun azterketak lanordu gisa zenbatuko dira aurrerantzean. «Gehiago» lor zitekeela uste du sindikatu abertzaleak, baina itunari ateak irekitzea deliberatu du. CCOOk gauza bera egin du, sindikatu abertzaleen gehiengoa lortuta zegoela jada. UGTk ez.

%8,8ko igoera

Bestela, Adegiren proposamenak 2011tik 2019ra arteko %8,8ko soldata igoera jasotzen du —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021erako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraaktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.

Gainera, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», ELAren ustez. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Gainera, soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Eta, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.

Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegik metalgintzaren ituna berritzeko lehen bilera, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi ziren berriro aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean, iazko abenduan. ELAk Adegiren azken proposamena onartu zuen. Eta gaur gauza bera egin dute LABek eta CCOOk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.