Politika

Espetxeetako kudeaketa martxorako eskualdatuko dio Madrilek Eusko Jaurlaritzari

Espainiako Gobernuak eskumenen transferentzien egutegi berria bidali dio Eusko Jaurlaritzari: martxoan abiatuko dituzte bigarren blokeari buruzko negoziazioak.

Carolina Darias eta Josu Erkorekaren arteko bilera otsailean, lehendakaritzan. DAVID AGUILAR/ EFE
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 15a
11:24
Entzun

1979ko estatutuan jasota dauden baina oraindik eskualdatuta ez dauden eskumenen transferentzien egutegi berri bat igorri dio Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari. Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak gaur helarazi dio egutegi berriaren proposamena Jaurlaritzari, eta hark ontzat eman du proposamena, Josu Erkoreka lehendakariordearen eta Idoia Mendia bigarren lehendakariordearen ahotik. Hori horrela, martxoan abiatuko dituzte bigarren blokeari buruzko negoziazioak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.

Koronabirusaren pandemiak baldintzatu egin ditu bi gobernuen arteko negoziazioak, eta hasiera batean aurreikusitako epeak luzatu ditu. Espainiako Gobernuak egutegia aldatu du, nahiz eta negoziatzeko dauden transferentzien hiru blokeak bere horretan utzi ditu, bi gobernuek aurretik adostu zuten bezala. Erabakitzeko dagoen bigarren multzoan jaso dituzte 11 eskumen, eta horien artean dago espetxeen kudeaketa. Hasiera batean aurtengo abendurako eskualdatzea hitzartu zuten bi gobernuek, baina, egutegi berriaren arabera, 2021eko martxorako transferituta legoke. Iaz hitzartutako egutegian jasotako transferentzia multzoen arabera, bloke horretan daude eskumen hauek: aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa.

Hirugarren multzoa, berriz, 2021eko urrian eskualdatuko litzateke, eta, besteak beste, honako hauek egongo lirateke: kreditu ofiziala, kreditua eta bankua, balioen merkatua, ikerketa eta laguntza teknikoko zentroak, hidrokarburoak, itsasoko laguntza, estatuko sektore publikoa, erakunde administrazioa (laguntza ETE eta berrikuntza teknologikorako), aldiriko trenen garraioa, aireportuak, interes orokorreko portuak, immigrazioa eta arrantza ikuskaritza.

Laugarren multzoari dagokionez, 2021eko azaroan hasiko lirateke negoziazioak eta 2022ko maiatzean amaitu. Multzo honetan, «Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari lotutako gaiak aztertzen hastea» adostu zuten bi gobernuek.

Eusko Jaurlaritzak begi onez jaso du Espainiako Gobernuaren proposamena, eta garrantzia kendu dio egutegian aldaketak egiteari. Erkorekak gaur goizean azpimarratu du estatutua osorik betetzeko abiatutako bidea «berreskuratu» dela: «Hau da bidea». Erkorekak esan du Gernikako Estatutua osorik betetzeko aurrerapausoa dela, eta, helburu hori lortutakoan, autogobernuan «bestelako helburuak» ezartzen hasiko dela Jaurlaritza. Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariordearen ustez ere «albiste ona» da bi gobernuek kronograma berria adostu izana, eta «elkarlanaren eta elkarrizketaren» isla dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.