Historia

Altzoko Handiarekin topaturiko beste pertsonen hezurrak hilerrira itzuli dituzte

Erraldoiaren hezurrak Aranzadi zientzia elkartean geratuko dira, oraingoz. Halakoetatik informazio genetiko interesgarria atera dute munduko beste toki batzuetan.

Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 19a
17:42
Entzun

Abuztuan topatu zituen Aranzadi elkarteak Altzoko Handiaren hezurrak, Altzoazpiko hilerriko hezurtegian (Gipuzkoa). Horien bila indusketan ari zirela, erraldoiarenak ez ziren beste hainbat hezur aztertu behar izan zituzten Aranzadi elkarteko kideek, Paco Etxeberriaren gidaritzapean.

Zientzia elkarteak erabaki duenez, Altzoko Handiaren hezurrak Aranzadin geratuko dira oraingoz, eta gainerakoak Altzoazpiko hilerriko hezurtegira itzuli dituzte.

Hezurrak sailkatu egin dituzte, eta oihal iragazkor batekin estali ondoren, lurra bota dute gainetik.

Zientzialariek oraindik informazio asko atera dezake Altzoko Handiaren hezurretatik. Euskalduna jaio baino 35 urte lehenago hil zen Charles Byrne erraldoi irlandarraren DNA aztertuta, esaterako, akromegalia gaitza eragiten duen mutazio bat identifikatu dute, eta hori Irlandan milaka familiatan daukatela ondorioztatu dute hango ikertzaileek.

1861. urtean hil zen Altzoko Handia, eta gorpua Altzoazpiko hilerrian lurperatu zuten, baina urte luzez uste izan zen haren hezurrak lapurtu egin zituztela.

Erraldoiaren hezurrak topatzeko itxaropen askorik ez bazuten ere, hantxe topatu zituzten Aranzadiko kideek. Aurkitu eta berehala hasi ziren hezurrok jabe ohiaren inguruko informazioa ematen. «Ornoetan artrosi zeinu mordo bat topatu ditugu», esan zuen orduan Aranzadiko Antropologia saileko Lourdes Herrastik. Erraldoiak artrosi aurreratua zuela ondorioztatu zuten zientzialariek, eta «min izugarriarekin» biziko zela. «Horregatik kexatzen zen, eta horregatik bueltatu nahi zuen etxera».

Handiaren ondorengoek pozik zeudela adierazi zuten. «Hainbeste urteren ondoren, uste genuen ez zituztela bilatuko, edo dena hausita egongo zela. Honekin, bukatu dira duda guztiak», esan zuen Pilar Unsain Elizegik. Erraldoiaren ondorengoa da, bosgarren belaunaldikoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.