Enpresak

Kaleratzeak direla eta, administrazioen babes falta salatu du ELAk

Gipuzkoako metalaren lan hitzarmenaren negoziazioan Adegik izandako jarrera txalotu du.

ELAko Mitxel Lakuntza, Janire Landaluze eta Mikel Noval, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 20a
13:04
Entzun

Gipuzkoako metalaren lan hitzarmenaren negoziazioetan Adegik erakutsi duen «jarrera bera» eskatu die ELAk Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei, administrazioko beharginen lan baldintzak negoziatzeko orduan, eta enpresa pribatuen kasuan, kaleratze espedienteak aurkezten dituztenean, horien aurka «irmoagoa» azaltzeko.

Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak txalotu egin du Gipuzkoako metalaren negoziazioetan patronalak izandako jarrera, eta azpimarratu du hitzarmenak agerian uzten duela «edukiak egonez gero» ELA prest dagoela akordioetarako. Lakuntza administrazioei mintzatu zaie, eta salatu du haiekin zerikusia duten alorretan zailagoa izaten dela akordioa. «Adegik izan duen jarrera bera ikusi nahiko genuke euskal administrazio batzuetan».

Horren harira, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuaren jarrera kritikatu du, soldatak murriztearen alde zabaldutako mezuengatik. Azpimarratu du Confebasken aldera lerratu dela, eta ohartarazi du neurri horrek ez duela «ezer konponduko»: «Kasurik onenean, balio dezake batzuek eutsi ahal izateko beren mozkinei».

Adierazi duenez, beste herrialde batzuetan «ez dira hortik jotzen ari». Lakuntzak uste du industriaren egoera aztertzeko orduan enpresa bakoitzaren errealitateari erreparatu behar zaiola, proposatzen dituzten neurriak bidezkoak diren ala ez jakiteko. Kaleratzeen inguruan Jaurlaritzaren jarrera salatu du. «Sarritan, faltan sumatzen dugu langileek administrazioen babes handiagoa izatea eta horiei buruz mezu zuzenagoa izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.