Zerga bilketa

Zerga bilketa %15,1 erori da Hego Euskal Herrian

EAEko hiru ogasunek 1.781 milioi gutxiago jaso dituzte, eta 270 milioiko galera izan du Nafarroakoak. Arabak nabaritu du gehien motelaldia

Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 20a
14:16
Entzun

Irailera arteko zerga bilketa %15, 1 jaitsi da Hego Euskal Herrian.  %16,4 izan da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hiru foru ogasunek 9.031 milioi euro bildu dituzte guztira: 1.781,4 milioi gutxiago. Nafarroan, berriz, txikiagoa izan da jaitsiera: %9,7koa: 270,7 milioi gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iraileko jaitsiera metatua abuztura arte izan zenaren antzekoa da, COVID-19a dela-eta aurtengo kanpainako egutegietan egin dituzten aldaketak direla eta. Hiru ogasunek datozen hilabeteetan bilakaera normalizatzea espero dute. Finantzen Euskal Kontseiluaren aurreko asteko bileran aurreikuspenak berrikusi zituzten, eta urte amaierarako % 13,3ko jaitsiera zehaztu zuten. Beraz, hiru puntu gainetik dago orain artekoa. Nafarroan, berriz, iazko epe berean egindako bilketarekin konpara daitezke aurtengo datuak, egutegi fiskalaren epemugak mantendu egin baititu gobernuak.

 Euskal Autonomia Erkidegoan, jaitsierarik handiena Arabak izan du, %20,2koa (-322 milioi). Bizkaian %17,8 gutxitu da bilketa (-1.091,5 milioi), eta Gipuzkoan, %11,9 (-2.713,8 milioi). Gipuzkoako datuak emateko aldundiko bozeramaile Eider Mendozak astearte honetan eginiko agerraldian, aitortu du pandemiaren hasieran aurreikusitakoak baino hobeak izan arren «kolpe gogorra» hartu dutela, jaitsierak «oso nabarmenak» direlako hala ere. Dena den, Gipuzkoak bere «erronkei» aurre egiteko finantza egoera «fidagarria» duela azpimarratu du, eta berretsi aldundiaren lehentasunak susperraldi ekonomikoa eta gizarte politikak izango direla. Zerbitzu publikoen kudeaketan «zuhurtziaz eta erantzukizunez» jokatuko dutela esan du.

Sozietate zergaren bilakaeraren zain

Herrialdeka, Bizkaiak lortu du 2020ko aurrekontuko diru sarrera guztien % 61,9 biltzea. Zerga moten arabera, zuzeneko zerga nagusia, PFEZa, %11,9 jaitsi da, ordainketak atzeratu izanaren ondorioz. Sozietateen gaineko zerga %35,4 erori da, aitorpena egiteko epean onartutako atzerapenagatik, besteak beste. Ondarearen gaineko zergagatik 1,5 milioi bildu ditu ogasunak, iaz baino 75,3 milioi gutxiago, zerga horren likidazioa irailaren 30era arte atzeratu baitzuen. BEZaren bidez %16,6 gutxiago bildu du. 

Gipuzkoan, PFEZaren bilketak soilik egin du gora, %3,4. Bestalde, sozietateen zergan % 50,9koa izan da beherakada, egutegian eginiko aldaketengatik. Foru aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa % 14,7 jaitsi da, pandemiak kontsumoan izan duen eraginaren isla. 

Araban, azarora arte atzeratu da PFEZaren lehen epearen ordainketa (ekainean kobratu ohi da), eta irail amaierara arte sozietateen gainekoa; horren emaitza urrian islatuko da. PFEZagatik %11,6 gutxiago bildu du ogasunak. Autonomoek egiten dituzten zatikako ordainketek % 61,3ko beherakada izan dute, 2020ko lehen seihilekoko ordainketak baliogabetzea erabaki baitzuen aldundiak, finantzaketa modu gisa. Sozietateen gaineko zergaren bidez %29,5 gutxiago bildu du, besteak beste, enpresa txikien ordainketak ez dituelako jaso oraindik. Oro har, Araban beste bi lurraldeetan baino nabarmenagoa izan da ekonomiaren motelaldia, BEZaren datuari erreparatuz gero, behintzat: %29,9koa izan da jaitsiera.

Nafarroan, eguneratuta

Nafarroako datuak homologarriagoak dira iaz epe berean bildutakoekin konparatuta, aldaketarik ez baita egon egutegian. 2020ko aurrekontuan jasotako zerga bilketaren aurreikuspenen %62,5 jaso du (iaz, %73). Zerga gutzietan bildu du gutxiago. Zeharkakoetan -%16, PFEZean -%0,8, sozietate zergan -%7,4 eta BEZean -%8,1.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.