Eskoletako jangeletako langileek greba egin dute, enplegua eta lan baldintzak bermatzea eskatzeko

Beste bi greba egun ere deituak dituzte: hilaren 27a eta 29a. Oraindik ez dute eman gaurko grebako parte hartzearen inguruko daturik.

Jangeletako langileen manifestazioa, gaur goizean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 21a
14:53
Entzun

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, eskoletako jangeletako langileek berriz ere greba egin dute gaur. Aldarrikatu dute eskubidea daukatela entzun diezaieten, baita osasunerako, enplegurako eta euren lan baldintzak izateko ere. Bilboko, Gasteizko eta Donostiako kaleak hartu dituzte, baina ez sindikatuek, ez Eusko Jaurlaritzak oraindik ez dute eman parte hartzearen inguruko daturik.

Ez da izan lehen greba eguna eskoletako jangeletako langileentzat, eta horretan jarraitzeko asmoa dute, beste bi grebatarako deialdiak ere indarrean dauzkatelako: hilaren 27an eta 29an. Urriaren 15ean ere atera ziren irakasleekin eta garbiketako langileekin batera. Orduan elkarrizketa eskatu zutela nabarmendu dute sindikatuek, baina ez dela horrela izan: «Jangeletako langileoi, ordea, muzin egiten jarraitu dute, euren zuzeneko langileak ez garelakoan, azpikontratak garelako, pribatizatzeko erabakia haiena ez balitz bezala». Sindikatuen ustez, greba deialdiak egitea «ezinbestekoa» izan da Eusko Jaurlaritzarekin biltzea lortzeko, baina zehaztu dute hori ez zela grebaren azken helburua: «Harrera egin behar digute, baina entzun egin behar gaituzte, kontuan hartu behar dituzte gure beharrak eta aldarrikapenak». Aldarrikapen horiek esaldi bakarrean laburtu dituzte: «Jangelen irekiera segurua eta adostua nahi dugu».

Ikasturte hasiera «ezegonkorra» izan dela salatu dute, eta, sindikatuen arabera, itzulera «antsietatez» bizi izan dute horregatik: «Ez genekien lanean hasiko ginen edo ez, langabezia luzatuko ziguten edo ez, gure lankideekin egongo ginen edo ez, zenbat haurrekin egon beharko ginen, burbuilak egongo ote ziren, zenbat denbora izango genuen garbiketa egiteko...». Sindikatuen iritziz, horrek erantzule bakarra dauka: Eusko Jaurlaritza. «Gurekin bildu eta itzulera adostu ordez, beste alde batera begiratzen ibili da, bete ezin diren protokoloak aldebakarrez inposatuz». Hori ikusita, osasuna, enplegua eta pertsonen beharrak aurrekontuen eta kostuen gainetik jartzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.