Italiako Giroa

Keldermanek maglia arrosa kendu dio Almeidari

Jai Hindleyk irabazi du hemezortzigarren etapa, Stelvio mendate handiaren eguna. Pello Bilbao hirugarren izan da, eta sailkapen nagusian laugarren jarri da.

Hindley, gaurko garaipena ospatzen.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 22a
17:48
Entzun

Wilco Keldermanek (Sunweb) maglia arrosa kendu dio Joao Almeidari (DQT). Herbehereetarra da Italiako Giroko lider berria. Hemezortzigarren etapa Jai Hindleyk (Sunweb) australiarrak irabazi du. 207 kilometroko ibilbidea izan du, eta tartean, Stelvio mendate handia.

Gain mitikoak birrindu du lehendik ere hautsita zetorren lasterketa. Faboritoen tropelean, Rohan Dennisek (Ineos) sekulako astindua eman dio erritmoari, eta ihesean zihoazen hamabost txirrindulariak harrapatuz joan da. Ben O'Connor (NTT) izan da harrapatu duen azkena Dennisen martxa biziak. Ordurako, beste hiru txirrindularirekin zihoan buruan australiarra: Hindley, Tao Geoghegan Hart (Ineos) eta Wilco Kelderman. Atzean geratua zen Almeida liderra. Baita Pello Bilbao ere (Bahrain).

Stelvion gora, Kelderman geratu da atzean, eta atzerago zihoazen Bilbao eta Fuglsang (Astana). Mendate handian, lasterketa buruan zihoan hirukotea izan da aurrena igaro dena. Atzetik Kelderman zuten, 49 segundora, eta atzerago, Bilbao eta Fuglsang, 1.38ra; Almeida liderrak 3.37 galdu ditu Stelvion.

Maldan behera, etapa amaierako Laghi di Cancano gainaren azpiraino heldu dira. Lehen mailako mendatean gora, Dennisek amore eman du, lan itzela egin eta gero. Atzetik, Bilbaok eta Fuglsangek harrapatu egin dute Kelderman, eta berehala utzi dute atzean, gainera. Bederatzi kilometro falta ziren etapa amaitzeko. Handik hiru kilometrora, Bilbaok esan dio agur iheskideari, eta bakarrik joan da Hindley eta Geoghegan Harten bila. Ez du asmo hori gauzatzerik izan, eta hirugarren egin du azkenean. Aurreko bien arteko esprintean, Hindley izan da azkarrena.

Biharko etapa izango da lasterketako luzeena: 251 kilometro izango dituzte Morbegno eta Asti artean. Etala laua da.

18. etapa

1. Jai Hindley (SUN) 6h03'03''
2. Tao Geoghegan Hart IGD d.b
3. Pello Bilbao (BAH) 46ra
4. Jakob Fuglsang (AST) 1.25era
5. Wilco Kelderman (SUN) 2.18era
6. Patrick Konrad (BOH) 4.04ra
7. Joao Almeida (DQT) 4.51ra
8. Vincenzo Nibali (TFS) d.b.
9. Hermann Pernsteiner (TBM) d.b.
10. Fausto Masnada (DQT) 4.55era

Sailkapen nagusia

1. Wilco Kelderman  (Sunweb) 77.46.56
2. Jai Hindley (Sunweb) 12ra
3. Tao Geoghegan Hart 15era
4. Pello Bilbao (Bahrain) 1.19ra
5. Joao Almeida (DQT) 2.16ra
6. Jakob Fuglsang (Astana) 3.59ra
7. Patrick Konrad (Bora) 5.40ra
8. Vincenzo Nibali (Trek) 5.47ra
9. Fausto Masnada (Deceunninck) 6.46ra
10. Rafael Majka (Bora) 7.28ra

Dan Martin nagusi Espainiako Vueltan

Espainiako Vueltan, Dan Martinek (Israel) irabazi du hirugarren etapa, Laguna Negra Lehen Mailako mendatean amaitutakoa. Esprintean hartu die aurrea Primoz Roglici (Jumbo) eta Richard Carapazi (Ineos). Segundo gutxiren buruan ailegatu dira Vueltako txirrindulari nagusiak. Guztiak, Esteban Chaves (Mitchelton) izan ezik: arazo mekanikoak izan ditu azken igoeran, eta minutu pasatxo galdu du helmugan. Sailkapen nagusian, etapako lehen hiru sailkatuak daude aurreneko hiru postuetan: Roglic da lehena; Martin bigarren, bost segundora; eta Carapaz hirugarren, hamahiru segundora. Bihar laugarren etapa jokatuko dute, Garray eta Ejea de los Caballeros artean (Espainia): 191,7 kilometro. Laua da; beraz, lehen aukera izango dute esprinterrek. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.