Etxeratze agindua 21:00etatik 06:00etara izanen da Iparraldean

Neurriak eta salbuespenak aurkeztu ditu Eric Spitz prefetak. Etxeratze agindua gaur gauetik aitzina ezarriko dute. Ostatuak itxiko dituzte, gutxienez hiru astez.

Eric Spitz prefeta. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 23a
13:20
Entzun

Jean Castex Frantziako lehen ministroak Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua ezarriko dutela jakinarazi ondotik, gaur goizean mintzatu da Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta, urriaren 16ko Frantziako Gobernuaren dekretuak finkatutako erregimen berria departamenduan nola gauzatuko den azaltzeko. Ordubeteko agerraldi batean, lanak izan ditu neurri bakoitzak eta salbuespenak zehazteko.

Aldaketa nagusia etxeratze agindua da. 21:00etatik 06:00etara bitartekoa izanen da: tarte horretan, herritar guziek etxean egon beharko dute, eta komertzioak itxiak izanen dira. Ahal bezainbat etxetik lan egiteko eskatu du prefetak. Hiru aste iraunen du printzipioz, baina gehiago luzatuko dela pentsa daiteke, Frantziako lehen ministroak sei asteko epea aipatu baitzuen atzo arratsean. «Legalki, ez da hiru aste baino gehiago izaten ahal, baina ministroak sei aste aipatu baditu, seguruenik zerbait badu buru gibelean». Seguruenik lege batekin arautuko dutela iragarri du. Tarte horretan, ostatuak egun osoan itxiak egonen dira hiru astez; jatetxeak irekiak izanen dira. «Zinezko menu bero bat proposatzeko gai direnak eta orain arte egiten zutenak baizik ez dira irekiak izanen», zehaztu du. Ez dute onartuko ez ixteko aitzakiapean ostatu bat janaria proposatzen hastea. «Ez da nehor jatetxeko nagusi inprobisatzen ahal egun batetik bestera. Lanbide bat da». Kontrolak izanen direla abisatu du. Jatetxeek 21:00etatik aitzina itxi beharko dituzte ateak, baina etxerako zerbitzua proposatzen ahalko dute hortik landa.

Beste egitura andana batek ere itxia egon beharko da hiru astez: joko gelek, kasinoek, erakusketa gelek, kirol gelek... Hala ere, ikastetxeei, kirolari profesionalei eta interes orokorreko ekitaldiei (odol emateak, txerto kanpainak, janari banaketak...) harrera egiten ahalko diete. Unibertsitateek eta ikasleak hartzen dituzten beste egiturek erdira apaldu beharko dute beren harrera gaitasuna, eta kirol gertakarietan, 5.000 pertsonatik milara apalduko du gehienezko kopurua.

Kultur arloko ekitaldiak antolatzen ahalko diren galdetuta, baietz erantzun du, betiere baldintzak errespetatzen badituzte. Hau da, mila pertsonako gehienezko kopurua, maskara etengabe jantzia izatea, eta pertsonen arteko distantzia bermatzea (gehienez ere sei pertsonako taldeak, eta pertsonako lau metro karratuko distantziarekin). Klubetako kirol jarduerei dagokienez, adingabeena baimendua da; helduena, debekatua. Kirol profesionalean, lehen hiru mailetako lehiaketak baimenduko dituzte gizonezkoentzat, eta lehen bi mailetakoak emakumezkoentzat.

Frantziako Gobernuak martxoan ezarri zuen konfinamendu garaian bezala, etxeratze aginduarekin ere ziurtagiri berezi bat beharko da ordutegi mugatuan karrikara atera ahal izateko. Frantziako Barne Ministerioaren webgunean deskarga daiteke agiria. Salbuespenen artean aipatu dituzte, besteak beste, bizitegiaren eta lantokiaren arteko mugimenduak, osasun artatzeei eta familia zaintzari lotutakoak, distantzia luzeko bidaiak, baita etxe animalien beharrei lotutakoak ere. Araua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du; errepikatzen bada, 3750 eurorainokoa izan daiteke. Etxegabeak ez dira zigortuak izanen, «jadanik aski zigor da karrikan bizitzea», eta aterpe bat «proposatua» izanen zaie.

Hamalau agerraldi Ipar Euskal Herrian

Azken egunetan osasun egoera «okertu» dela azpimarratu du Eric Spitz prefetak; arrazoi horrek eraman du Frantziako Gobernua etxeratze aginduaren neurria hartzera. Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuak eman ditu nagusiki. Intzidentzia tasa 100.000 pertsonako 254,11koa da; «aste bakarrean bikoiztu da», eta ospitaleetako egoera «ez da ona». Hamabost pertsona daude Baionako ospitalean, bat Donibane Lohizunen (Lapurdi), bi Donapaleun (Nafarroa Beherea). Sei pertsona daude Baionako suspertze unitatean. «Beste pertsona batzuk badaude suspertzean, beste arrazoi batzuengatik. Ez litzateke zenbakia gehiegi emendatu behar», adierazi du. Osasun sistema «egokitu» behar litzatekeela erran du, baina gaur-gaurkoz «elkartasunaren bidez» egokitzen ari dela. Besteak beste, ebakuntza batzuk dataz gibelatu direla adierazi du.

Ipar Euskal Herrian hamalau agerraldi daudela jakinarazi du, kirol arloari lotuak gehienak. Errugbi klubak aipatu ditu bereziki, «horregatik erabaki nuen aldagelak ixtea». Prefetaren arabera ikastetxeetan «agerraldi andana» bazen, baina oporrekin apaldu dira.

«Birusak ez ditu muga administratiboak errespetatzen», adierazi du: «Udan zein neguan, zirkulazio handia da». Suspertze unitatean diren gehienak «familia eremuan» kutsatuak izan direla nabarmendu du. «Etxeratze aginduaren helburua da familietan eta gaualdi pribatuetan kutsatzeak saihestea, betiere, mundu ekonomikoa errespetatuz».

Enpresentzako laguntzak

Murrizketa neurriak iragartzeaz gain, horiek konpentsatzeko laguntza ekonomikoak ere iragarri ditu Pirinio Atlantikoetako prefetak. «[Frantziako] Gobernuak neurri sendoak hartu ditu, egoeraren heinekoak». Enpresen zergak ordaintzeko epemugak gibelatuko dituzte, baita lur zergarenak ere. «Enpresen karguak ere gibelatuak izanen dira, eta urteko negozio zenbatekoaren %50eko apaltzea ukan dutenei dispentsa aplikatuko zaie».

Orain arte, 1.500 euroko diru laguntza izan dute administratiboki itxiak izan diren enpresek. Orain, 10.000 euroraino emendatuko da. Langabezia partzialaren aukera luzatuko dute, baita estatuak bermatutako maileguak ere. Kulturarako, eta bereziki zinemarako ere, diru laguntza bereziak izanen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.