Goia jo dute positibo kopuruak, ospitaleratuenak eta ZIUetan daudenenak

Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dira gaurkoak. Beste 1.676 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta ospitaleetako egoera ere okerrera doa: 708 lagun daude ospitaleratuta; horietako 112, ZIUetan.

PCR probak egiten, Ordizian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 23a
13:48
Entzun

Gero eta beltzagoa da Hegoaldeko datuek erakusten duten joera: goia jo dute positibo kopuruak, ospitaleratuenak eta ZIUetan daudenak. Hain zuzen, atzo beste 1.676 positibo atzeman zituzten, bigarren olatuko kopururik handiena. Eta horren eragina sumatzen ari dira ospitaleetan: 708 lagun daude ospitaleratuta; horietako 112, ZIUetan.

Egoera ez da nolanahikoa. Nafarroa izan da orain arte kezka gehien eragin duen lurraldea, baina Gipuzkoaren bilakaera ere ez da batere ona. Bizkaian ere gero eta positibo gehiago daude, eta, itxuraz Arabako egoera hobea den arren, goranzko joeran dago. Atzo, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehienak (561), eta Gipuzkoan ere antzeko kasu kopurua izan zuten (545). Aldiz, jaitsiera nabarmena izan zuen Nafarroak, 469 kasu atzemanda, eta 87 positibo izan ziren Araban. Osakidetzak eta Osasunbideak 17.860 proba egin zituzten atzo; beraz, %9,4k eman zuten positibo. Ehunekoa dezente altuagoa da Nafarroan: lurralde horretan egindako proben %12,6k eman dute positibo.

Ospitaleetako egoera ez da askoz hobea. Azken egunetako positibo kopuruaren igoera nabaritzen ari dira, eta 708 lagun ospitaleratu behar izan dituzte COVID-19ak jota, erdiak baino gehiago (369) Nafarroan. Orain arte, bigarren olatuan ez ziren hainbeste gaixo egon Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Lehenengo olatuari begira jarrita, berriz, maiatzaren 7ra arte atzera egin behar da antzeko kopuru bat —754 izan ziren orduan— aurkitzeko.

Gainera, larri dauden gaixoen kopurua ere etengabe hazten ari da. Guztira, 112 ZIUetan sartu behar izan dituzte, eta hori bigarren olatuko daturik txarrena da. Kasu horretan ere, maiatzaren 8ra arte —107 gaixo zeuden ZIUetan— jo behar da antzeko kopuru bat aurkitzeko.

Nafarroako Gobernuak egunero berritzen du hildakoen datua, eta atzo beste bi hildako izan zirela iragarri du. Eusko Jaurlaritzak, berriz, asteko datua ematen du: urriaren 12tik 18ra 82 lagun hil ziren.

«Oso kezkagarria»

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek egungo egoeraren balorazioa egin du gaur. Haren hitzetan, «oso kezkagarria» da, eta osasun langileek esandakoari jaramon egiteko eskatu du: «Profesionalei ahalik eta baliabide gehien emateko momentua da, baita euren osasun gomendioak jarraitzekoa ere».

Erkideagoak Espainiako Gobernuarekin bildu ziren atzo, eta bertatik «nahiko gustura» atera zela esan du Indurainek. Nafarroa arrisku maila gorenean legoke, baina, Indurainen arabera, indarrean sartu diren neurriak planean jasotakoak baino gogorragoak dira. Kontseilariaren ustez, neurriok «ez dira helburu bat, bitartekoa baizik». Hau da, erreminta bat dira kutsatzeen erritmoa geldotzeko eta ospitaleetako presioa arintzeko. Datozen egun eta asteetan egoera okertu egingo dela azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.