ZAINTZA

ELAk grebara deitu du azaroaren 17rako zaintzako hainbat sektoretan

Hego Euskal Herriko zaintza arloko langileei egin die grebarako deialdia. Zaintza profesionala «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izan dadila eskatuko dute. LAB «haserre» eta «harrituta» dago ELAk «aldebakartasunez» deitu duelako greba.

ELAk Gipuzkoako zahar etxeetako greban egindako protesta bat, joan den otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 26a
14:47
Entzun

ELA sindikatuak grebara deitu du azaroaren 17rako, «lan merkatu formal prekarizatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan». Horien artean sartzen dira adinekoak, adingabeak, «aniztasun funtzionala» dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak zaintzen dituztenak, bertzeak bertze. Etxeko langileak ere izanen dituzte kontuan, nahiz eta ELAk salatu duen ez zaiela greba egiteko eskubiderik «aitortzen», «ezta lan eskubide oinarrizkoenak ere»: «Baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan».

Zaintzaren sektorea «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izan dadila eskatuko du ELAk grebaren bitartez. Izan ere, sindikatuak salatu du «pribatizatuta eta merkantilizatuta» dagoela zaintza, «etekin ekonomikoa lehenesten duten enpresa pribatuen esku». Sindikatuak ohartarazi du erakunde publikoek ere hori sustatzen dutela: «Hori guztia, gainera, diru publikoz finantzatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?».

Koronabirusaren testuinguruan zaintza sistemak «eztanda» egin duela uste du ELAk, eta langileak ari direla «ondorioak pairatzen»: «Eurek sostengatzen dute milaka pertsonaren bizia, larrutik ordainduz, esplotazio fisiko, psikologiko eta emozionalaren pean. Egunez egun bizia jokoan jartzen dute, bitarteko oso urriekin, langile kopuru eskasarekin, baldintza latzetan. Gure ahotsa entzunarazi behar da hau berriz gerta ez dadin; aski dela esateko unea iritsi da».

Sindikatuak espero du azaroaren 17ko grebak aldaketa «historikoa» ekartzea, eta horren bidez zaintza eredu berri bat sortzea, zeinaren oinarriak izanen baitira «hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua».

Eskaerak

Zaintzarekin lotuta, ELAk eskaera zehatzak eginen ditu azaroaren 17ko greban: egoera «bereziki kaltebera» duten pertsonen zaintza zerbitzuak publiko bihurtzea, zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazioa eta finkatzea bermatzea, 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatzea, genero arrakala gainditzeko «taxuzko neurriak» hartzea, zuzeneko arretaren ratioak hobetzea, gaixoaldian dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hastea, lan osasuna bermatzeko neurri «egokiak» hartzea eta langileen «osatze emozionalerako» plan bat egitea, «hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko».

Azaroaren 17a baino lehen ere protestara deitu du ELAk: hilaren 31n pentsioduneketa feministek deituriko protestekin bat egiteko deia egin du.

LAB, harrituta

ELAk grebarako deialdia egin eta berehala «haserrea eta harridura» adierazi ditu LAB sindikatuak. Adierazi duenez, ELA eta LAB elkarrekin lantzen ari ziren grebarako deialdi hori: «Onartezina iruditzen zaigu aldebakarrez eta ezkutuan langileek ezagutzen ez duten deialdi bat publiko egitea». LABen ustez, «garai zail hauetan indarrak batu» egin behar dira: «Ez da orain borrokak patrimonializatzeko garaia». LABen ustez, hain zuzen, ELAk bere interesei begiratu die greba deialdia egiterako garaian, eta «langileen bizkar» egin du. «Greba eta mobilizazio bateratuak adosteko» prestasuna adierazi du LAB sindikatuak, «ELArekin zein beste sindikatuekin eta eragile sozialekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.