Espainiako Vuelta

Roglic nagusitu da, hirugarrenez, eta lider jarri da

Esloveniarrak aise menderatu ditu aurkariak Suanceseko igoera laburrean, Espainiako Vueltako hamargarren etapan. Primoz Roglicek liderraren elastiko gorria bereganatu du, Richard Carapazek atzerapena izan baitu. Alex Aranburu, berriz, laugarren helmugaratu da. 

Primoz Roglic garaipena ospatzen, gaurko etapa, Suancesen. KIKO HUESCA / EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 30a
18:19
Entzun

Hanka batekin irabazi du Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Espainiako Vueltako hamargarren etapa. Bada, esloveniarrak garbi erakutsi du beste behin mendate luzeetan ez ezik igoera laburretan ere ondo baino hobeto moldatzen dela. Suanceseko 1,5 kilometroko aldapan atzetik aurrerako sekulako lana egin du Roglicek. Begi fina duela ezin zaio ukatu, izan ere, bai baitzekien etapako amaiera Andrea Bagioliren (Deceuninck) dohainetara ongi egokitzen zela. Hala, italiarraren gurpilari ongi eutsi dio, eta ondoren, Jumbo Vismako txirrindulariak, distantzia ongi neurtuz, sekulako errematea eman dio, eta arazorik gabe altxa ditu bi eskuak. Haren atzetik, Felix Grossschartne (Bora), Bagioli eta Alex Aranburu (Astana) helmugaratu dira. Gaurko etapa irabazteaz gain, liderraren elastikoaren jabe egin da Roglic, Richard Carapazek (Ineos) ezin izan baitio lehenengo postuari eutsi. 

Kantabriako kostaldean barrena jokatu da etapa; Castrotik hasi eta Suancesen amaitu da. 185 kilometroko lana izan dute txirrindulariek eguraldia lagun izan dutela, eta ibilbidean zehar, hirugarren mailako San Cipriano mendate bakarra zuten igotzeko. Tropelak lau txirrindulariei eman die ihes egiteko baimena: Jonathan Lastrari (Caja Rural), Brent Van Moeri (Lotto Soudal), Alexander Molenaari (Burgos BH) eta Pim Ligtharti (Direct Energie). Ihesaldikoek tropelarekiko izan duten alderik handiena hamar minututik gorakoa izan da, baina helmugara gerturatu ahala, pelotoiak aldea apurka-apurka laburtzea lortu du. Hain zuzen, hamasei kilometro falta zirenean ehizatu du lehen multzoa. 

Azken kilometroak sasiordekan baziren ere, su batean joan dira txirrindulariak, talde bakoitzak bere liderra azken aldapatxora (1,5 kilometro, eta %5,9 eta %11 arteko pendizarekin) ongi kokatuta eramatea nahi baitzuten. Une batez, ordea, tropel buruan geldiune bat egon da, eta Remi Cavagnak (Deceuninck) eta Ivo Oliveirak (UAE) egoera hori ongi baliatu dute aurrera egiteko. Dena den, haien nahia azkar zapuztu du Ineosek, Andrei Amadorrek egindako lan eskergari esker. Alabaina, kukuak oker jo dio talde britainiarrari, Carapazek, gaur arte Vueltako liderra zenak, ez baitu azken astean erakutsi duen maila berretsi. 

Igoera hasi eta gutxira Guillaume Martinek (Cofidis) zalaparta sortu du tropelean, nahiz eta haren ahalegina hutsala izan; ez, ordea, Bagiogilena. Eraso indartsua egin du italiarrak, baina Roglic erne egon da, eta ongi eutsi dio italiarraren oldarraldiari, harik eta esloveniarrak bakarrik hanka egin duen arte. Hura izan da indartsuena, eta hamar segundoko gainsariaz gain, hiru segundoko aldea atera dio Carapazi. Horrenbestez, Roglic da orain lider berria. 

Liderrentzat aukera aproposa

Biharko etapa oilarrek gorriz ongi biribilduta izango zuten Vuelta hasieratik, ez baita nolanahikoa. 170 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Farrapona mendatean (16 kilometro, eta %6,2ko pendiza) amaituko da hamaikagarren etapa. Aurretik, ordea, beste hiru mendate gogor kateatu beharko dituzte: Colladona (7 kilometro, eta %6,5eko pendiza), Cobertoria (9,8 kilometro, eta %9ko pendiza) eta San Lorenzo (10 kilometro, eta %8,6ko pendiza). Indartsuenek euren legea ezartzeko eta denbora tarte handiak ateratzeko ibilbidea, alajaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.