Espainiako Vuelta

Angliruk ez du erabakita utzi

Hugh Carthyk lortu du garaipena Vueltako mendaterik gogorrenean. Carapaz da lider berriz ere, Roglici hamar segundoren aldea atera ostean.

Hugh Carthy, aldapa gogorretan gora, garaipenera bidean. DAVID RAMOS / POOL / EFE
2020ko azaroaren 2a
08:36
Entzun

Etaparik gogorrenak egin dituzte Vueltan. Asturiasko lurretan eginiko gorabeherek Angliru izan zuten atzo helmuga. Hugh Carthy (EF) izan zen indartsuena, sailkapen nagusiko gainerako txirrindulariak atzean utzita. Richard Carapazek (Ineos) ere izan zuen saria, Primoz Roglici (Jumbo) aldea aterata gorriz jantzi baita berriz. Gaur atseden eguna izango dute.

Carthyk 1,1 kilometro falta zirela jo zuen erasoa, pedalkadak ematea ere kosta egiten den Angliruren gainera iristeko 600 metro inguru falta zirela. Inork ezin izan zion jarraitu, eta itzuli handi batean lehen aldiz irabaztea lortu zuen. Gainera, sailkapen nagusiko hirugarren postura salto egiteko ere balio izan zion horrek. Irabazlearengandik 16 segundora iritsi ziren Vlasov (Astana), Enric Mas (Movistar) eta Carapaz, eta hamar segundo geroago Roglic, liderraren maillota kentzera kondenatuta. Egungo garaileak, ordea, hamar segundo besterik ez ditu behar berriz ere lidergoa berreskuratzeko, eta biharko erlojupekoa du horretarako. Carthy 32 segundora dago orain sailkapenean; Dan Martin (Israel), 35era; eta Mas, 1:50era. 

Eguna ihesaldia osatzeko borrokak hasi zuen. Hogei lagun inguru sartu ziren hartan, baina garaipenarekin amets egiteko aukerarik gabe. Aldea ez baitzen inoiz hiru minutura iritsi. Baliagarria izan zen, ordea, Guillaume Martinentzat (Cofidis), mendiko maillota eskuratzeko sailkapenean aldea handitzeko. 

Tropelean, Jumbok hartu zuen lidergoa, baina, eguneko hirugarren mendatera iristean, Movistar hasi zen erritmoa jartzen. Onenen aukeraketa, ordea, Chris Froomek (Ineos) egin zuen. Lau Tour irabazitako txirrindularia ez dago bere garairik onenean, baina eginiko lanak nabarmen murriztu zuen onenen tropelean zegoen jende kopurua.

Lau mendate igo eta jaitsita, Angliruren txanda iritsi zen. 12,4 kilometroko mendateak (%10eko batez besteko aldapa du) bigarren erdia du gogorrena, eta horra iristean hasi ziren mugimenduak. Ordura arte Jumbok jarritako erritmoak hamar lagun bakarrik utzi zituen onenen taldean. Mas izan zen saiatzen lehena, 3,6 kilometrora, %18ko aldapetan gora. Jumbok, baina, ez zion haren erasoari erantzun. Roglicen aurkaria Carapaz zen. Aldapa %23,5era jarri zenean, Mas harrapatu nahian aurrera egin zuten Vlasovek, Carthyk eta Carapazen. Ezin izan zuen, baina, gauza bera egin Roglicek. 

Aurreko denak elkarrekin zirela, Carthyk lortu zuen aurrera egitea. Inor hari erantzuteko gai izan gabe. Roglicek ere lortu zuen galerari buelta ematea, eta azken metro hobeak egin zituen aurrekoek baino, izan zitekeen galera ekidinez. Lehen euskal txirrindularia, berriz, Mikel Nieve izan zen, hamaikagarren, 2:15era. Hura da sailkapen orokorreko lehen euskal herritarra ere, hamargarren.

Hala, faboritoen arteko aldeak txikiak izan dira Asturiasko mendateetan. Garaipenaren lehian daudenak batera iritsi ziren larunbatean, eta segundo gutxiko tartean atzo. Bihar, 33,7 kilometroko erlojupekoa izango dute, aldapa gora amaituko dena. Roglic da faborito, eta, ondo bidean, lidergoa berreskuratu dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.