Jaurlaritzak astearen erdialdean erabakiko du neurri zorrotzagorik behar ote den

Urkullu lehendakariak esan du ez duela etxeko konfinamenduaz hitz egin nahi, «alarma» ez sortzeko, baina ohartarazi du «dena mahai gainean» dagoela.

Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, joan zen ostiralean Legebiltzarrean eginiko saioan. DAVID AGUILAR / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 2a
11:15
Entzun

«Hainbat aukera» ditu Eusko Jaurlaritzak esku artean, eta horien artean legoke «ezinbestekoa ez den ekonomia jarduera oro etetea, etxeratzeko ordua aurreratuta». Hala esan du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Baztertu egin du martxoan ezarritako etxeko konfinamendua berriz ezartzeko aukeraz hitz egitea: «Horretaz mintzo banaiz, alarma gisa ulertuko da, konfinatu egingo garela». Baina «dena mahai gainean» dagoela ohartarazi du gero.

«Egoera kezkagarria da, baina orekari begira arituko gara, osasuna eta ekonomia zaintzeko». Herritarrei esan die ez mugitzeko sei pertsonako burbuilatik kanpo. Aitortu du garraio publikoan ezinbestekoa dela ibilgailu gehiago jartzea, bidaiariak ez pilatzeko, eta Jaurlaritza horretan lanean ari dela gaineratu du.

Azaldu duenez, asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute zer neurri beharko den. Izan ere, egun horietako datuek erakutsiko dute bidea. Ordurako ikusi beharko litzateke alarma egoerak ekarri dituen murrizketek zer eragin izan duten kasu berrien kopuruan. Horrez gain, erietxeetako egoerari eta ZIUen okupazioari erreparatuko diete. Ikusten bada orain arteko neurriak ez direla aski, beste neurri batzuk hartu beharko dira, Urkulluren esanetan. Horien artean legoke «lan eta hezkuntza jarduerei eustea eta gainerakoa ixtea».

Osakidetza ez hondoratzeko «tartea» badagoela nabarmendu du. Adierazi duenez, Jaurlaritzak 340 milioi euro gehiago bideratu ditu Osasun Sailerako, eta langile kopurua %8,3 handitu du. Horri aurre egiteko «zorpetu» egin beharko dela adierazi du, baina «murrizketarik gabe».

Aurreko astean eta asteburuan gertaturiko istiluen inguruan, esan du «antolatuta» zeudela eta ez zela pertsona gutxi batzuen kontua izan. Halere, adierazi du ez dakiela horien atzean «ideologia» bat dagoen. Edonola ere, horiek oraindik ere «terrorismo» gisa deskribatzen dituela gaineratu du, eta «ezarritako ordena hankaz gora jarri» nahi izan dutela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.