Euskal presoak

Izan Bidea dinamikaren soinu banda aurkeztu dute: 'Ibiltarien doinua' kanta

Hainbat abeslari ezagunek egin dute abestia. Halaber, Sarek mobilizazioak iragarri ditu hilaren 20, 21 eta 22ko astebururako.

Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 4a
13:45
Entzun

Izan Bidea dinamikari bultzada emateko asmoz, Euskal Herriko hainbat abeslari ezagunek egindako abestia aurkeztu du gaur Sarek: Ibiltarien doinua. Abestiaren bideoklipa ere aurkeztu du. Mikel Mundiñano Sareko kideak azaldu duenez, «preso eta iheslarien etxeratzearen alde indarrak batu eta herritarrak bidearen parte egiten laguntzeko» xedearekin hasi ziren abestia prestatzen, eta emaitza gaur aurkeztu dute. Ion de Luis Iruñeko musikari eta ekoizleak egindako kantuari Amets Arzallusek jarri dio hitza, eta hamar abeslari ezagunek, beren ahotsa: Alex Sardui (Gatibu), Eñƒaut Elorrieta (Ken Zazpi), Maider Ansa (Tximeleta), Ines Osinaga (Gose), Idoia Tapia (Skabidean), Lorena Aisa (Skabidean), Claudia Rodriguez (Skabidean), Xabi Solano (Esne Beltza), Brigi Duque (Koma) eta Juantxo Arakama (Glaukoma).

Mundiñanok azaldu duenez, abestian, «bidea» hitzak hartu du indarra, dinamikaren oinarria delako bidearen parte izatera gonbidatzea, eta «bidea» kontzeptu gisa ere badutelako euren leloan.

Mobilizazioak

Abestia aurkezteaz gain, Sarek azaroaren 20rako, 21erako eta 22rako antolatutako mobilizazioen berri ere eman du. Asteburu horretan, Bidea gara, bidean gaude lelopean, herriz herri eta auzoz auzo, mobilizazioak antolatuko ditu, Izan Bidea dinamika plazaratzeko eta ahalik eta herritar gehien batzeko dinamikara. Askotariko ekinbideak egingo dituzte: erreleboka eginiko ibilbideak, ilaretan antolatutako mobilizazioak, kultur eskaintzarekin uztartuko diren ekinbideak, mosaikoak... Guztiak jomuga batekin, Bego Atxak jakinarazi duenez: «Herritarren aktibazioa piztu, preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri, eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.