TXIRRINDULARITZA

Carapazek gogotik sufriarazi du Roglic La Covatillan

Ekuadortarrak erasoa jo du mendateko azken aldapatan, eta paretaren kontra jarri du esloveniarra. Azkenean, 24 segundorengatik eutsi dio maillot gorriari, eta ondo bidean, bigarrenez irabaziko du bihar Espainiako Vuelta. David Gaudu nagusitu da etapan. 

jarraia189441.jpg
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 7a
17:54
Entzun

Primoz Roglic (Jumbo) sustoa gainetik kendu ezinda igoko da bihar podiumera, Madrilen. Frantziako Tourreko hondamena Espainiako Vueltan errepikatzear izan da txirrindulari esloveniarra. Aurkariek azkeneraino estutu dute, eta kinka larrian jarri dute. Batez ere, Carapazek. Ekuadortarrak paretaren kontra jarri du gaur, La Covatillako mendateko azkeneko aldapatan. Carthy saiatu da lehenbizi, bitan, baina Ineosekoaren ahalegina izan da balekoa. Aurrera egin du bakarrik helmugarako hiru kilometroren faltan, eta liderrari denbora ateratzen joan da metroak egin ahala. 45 segundoren aldea zuen Roglicek azken-aurreko etapari ekin aurretik, eta azkeneko kilometroaren faltan, ia minutu erdia kendua zion Carapazek.

Jota zegoen Roglic, eta taldekide bakar bat ere ez zuen laguntzeko. Baina, orduan, ustekabeko laguntza jaso du, Marc Soler eta Enric Mas Movistarreko txirrindulariena, Carapazen taldekide izandakoena. Haien gurpilari eutsita, aldea murriztu du. Azkenean, atzean ere utzi ditu, eta Carapaz baino 21 segundo geroago helmugaratu da. Sei lehenago iritsi da Carthy. Lasaitu galanta hartu du Roglicek helmuga zeharkatu duenean, mamuak bueltan izan baititu. Bihar, bigarrenez irabaziko du Vuelta. Carapaz izango da bigarren, 24 segundora, eta Carthy, hirugarren, 47ra.

Etapa, berriz, David Gauduk (Groupama) irabazi du; bigarrena du aurtengo Vueltan. Ion Izagirre (Astana) lasterketa buruan izan da azken igoeran, baina frantziarrak atzetik aurrera eginda pasatu du. Ormaiztegiarrak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.