Illak esan du maiatz aurretik 10 milioi pertsona txertatzea espero dutela

Pfizer botika etxeak atzo jakinarazi zuen %90eko eraginkortasuna duela lantzen ari den txertoak, eta Espainiako Gobernuko Osasun ministroak  onartu du «etorkizun handikoa» dela.

Salvador Illa Espainiko Gobernuko Osasun ministroa. VICTOR LERENA / EFE
arantxa iraola
2020ko azaroaren 10a
11:17
Entzun

COVID-19ari aurre egiteko bidean eraginkorra izango da, Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illaren aburuz, Pfizer botika etxeak atzo iragarri zuen txertoa. Hotsandiz eman zuen enpresak berria, %90ko eraginkortasuna duela nabarmenduz, eta «etorkizun handiko» berria dela onartu du gaur ministroak, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Esan du. halaber, maiatzerako txertoaren hogei milioi dosi eskura espero dituztela, eta horiekin hamar milioi pertsona immunizatu ahal izango direla; izan ere, txerto horren bi dosi jarri behar izaten dira eraginkorra izateko. Urte honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran txertoa jartzen hasteko eran egongo direla adierazi du.

Pfizerrekin eta beste hainbat botika konpainiarekin akordioak hitzartzen ari direla esan du. «Eta dena oso ondo badoa, aurten hasi ahal izango dugu txertoak jartzen». Pfizer lantzen ari den txertoaren gisan, beste bederatzi daude jada merkatura irteteko aurreko epean, saiakuntza klinikoaren hirugarren fasean.

Atzo esperantza handia sortu zuen Pfizer botika etxearen berriak, baina hainbat adituk ohartarazi zuten, hala ere, «zuhur» ibili behar dela. Txerto hori egiteko saiakuntza klinikoa ez da guztiz amaitu oraindik, eta, gainera, horren berri emateko datuak ez dira argitaratu oraindik zientzia aldizkarietan.

Illak gogoratu du txertoak doan banatuko direla, eta osasun sistema publikoen bidez eman eta banatuko direla. Txertoak derrigor ipintzearen alde ez dagoela esan du. «Onena da jendeak ulertzea txertoak direla gaixotasun infekziosoen kontra egiteko biderik eraginkorrena». Hala ere, adierazi du epidemiak buruko minak emango dituela oraindik, eta oso adi jarraitu behar dela. «Baina tunelaren amaierako argia» gero eta gertuago dagoela uste du. Txertoa aurrena birusaren aurrean «kalteberen» direnei eta horien zaintzaileei jarriko zaiela esan du, eta horretarako irizpideak ezarriko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.