Txertoak ez «monopolizatzeko» eskatu die NBEk gobernuei

Hainbat herrialderen jarrera gaitzetsi du Nazio Batuen Erakundeko aditu talde batek; «inor ez da seguru egongo, denok egon arte», ohartarazi dute.

Zientzalari bat Oxfordeko unibertsitatko laborategi batean, txerto batean lan egiten. UNIVERSITY OF OXFORD / JOHN CAIRNS
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 10a
13:14
Entzun

Koronabirusaren txertoa ez da izango bakarrik herrialde aberatsentzat. Mezu sinple eta argia plazaratu du Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen aditu talde batek. Salatu dute herrialde batzuk txertoa «monopolizatzen» saiatzen ari direla.

Ohartarazpena egin diete adituek estatuei eta txertoa garatzen ari diren laborategiei. Estatuei esan diete berekoikeriak ez duela lekurik izurriaren kontrako borrokan. Laborategiei ohartarazi diete irabaziak ezin direla jarri jendearen bizitzaren eta osasunaren aurretik.

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluko talde berezi batek egin du ohartarazpena, agiri baten bidez. «Zoritxarrez, badirudi hainbat gobernuk hitzeman dutela txertoak bermatzea bakarrik euren herritarrentzat», idatzi dute. Adierazi dute berekoikeria ez dela konponbidea. «Pandemiak jarraitu egingo du, eta eragingo die herrialde horiei berriz, orain ez bada gero. Inor ez da seguru egongo, denok egon arte».

Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen kalkuluak jarri dituzte mahai gainean: haren arabera, hasieran sortuko diren txertoen erdiak munduko populazioaren %13 baino ez duten herrialdeentzat gordeta daude irailetik.

COVAX egitasmoa

NBEk egitasmobat dauka martxan, munduan koronabirusaren aurkako txertoak berdintasunez banatuko direla ziurtatzen saiatzeko. Giza eskubideen adituek herrialdeei eskatu diete bat egiteko harekin.

«Nazioarteko zuzenbidearen arabera, edozein txerto eskura eduki behar dute hura behar duten guztiek, herrialdeen barruan eta baita herrialdeen artean ere, batez ere egoera zaurgarrian edo txirotasunean badaude».

Botika enpresei ere dei egin diete giza eskubideak aintzat hartzeko, eta garatzen dituzten txertoen patenteak mugatzea onartzeko eskatu diete. Indiak eta Hegoafrikak dagoeneko eskatu diote Merkataritzaren Mundu Erakundeari jabego intelektualaren eskubidearen hainbat arau bertan behera uzteko, txertoei dagokienez.

«Pandemia honek mundu osoari eragin dio. Orain, munduak albo batera utzi behar ditu txertoak eta hornigaiak monopolizatzeko lekuz kanpoko ekinaldiak, eta elkarrekin lan egin hura azpian hartzeko», idatzi dute NBEko adituek.

Txiroak, emakumezkoak, herri indigenak eta elbarritasunak dituztenak gogoan dituztela adierazi dute, eta haiei kalte egingo dien murrizketarik eta austeritate neurririk ez hartzeko eskatu diete herrialdeei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.