Euskal presoak

Fernandez Iradi euskal presoak positibo eman du COVID-19aren proban

Bakebidearen esanetan, sintomak ditu. Fernandez Iradi larri gaixo dago lehendik, Lannemezango kartzelan, eta bakartu egin dute. EH Baik eta EH Bilduk gobernuari eskatu diote presoa aske uzteko.

Fernandez Iradiren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. BOB EDME
2020ko azaroaren 10a
14:44
Entzun

Ibon Fernandez Iradi euskal presoak positibo eman du COVID-19 proban, eta gaixotasun horren sintomak ditu. Fernandez Iradi bere ziegatik atera dute, eta bakartze modulu batera eraman dute; lehendik esklerosi anizkoitza diagnostikatua du. Bakebideak «kezka» adierazi du presoaren egoeraren inguruan, baita espetxe berean «presondegiratuak diren eta kutsatuak izan daitezkeen beste euskal presoekiko ere».

EH Baik eta EH Bilduk ohar bat kaleratu dute, eta Frantziako Gobernuari eskatu diote presoa aske uzteko, osasun egoera larrian dagoelako berez, eta orain, COVID-19arekin gaixotuta, haren egoerak okerrera egin dezakeelako: «Denbora asko da aske beharko lukeela, osasun arreta egokia jasotzeko. Etxean egon beharko luke».

Fernandez Iradiren zigorra bertan behera uztearen alde egin zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak iazko azaroaren 12an, osasun arrazoi horiengatik. Fiskaltza antiterroristak, ordea, erabakiaren aurkako helegitea jarri zuen. Hala, bertan behera geratu zen hura askatzeko erabakia, aurtengo otsailaren 27ko beste ebazpen batek berretsi zuena.

Bakebideak salatu duenez, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko amoz Frantziako Gobernuak hartu dituen erabakiek «legedi antiterroristapean» zigortutako presoak baztertzen ditu. Zehazki, Fernandez Iradi, Gurutz Maiza Artola, Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Jon Parot eta Josu Urrutikoetxearen kasuak aipatu dituzte, horiek «kutsatzeko arriskuan» jarri zituztela argudiatuta.

Fernandez Iradi kutsatzea saihestu egin zitekeela uste du kolektiboak: «Fiskaltza antiterroristaren jarrera mendekatzailearen eta frantses gobernuak egoera sanitarioan hartutako erabakien ondorio zuzena da». Halakorik ez gertatzeko, larri gaixo dauden presoen askapena exijitu du Bakebideak, «elkarbizitzaren eraikuntzarako» bidean.p>

Georges Ibrahim Abdalla ere, positibo

Lannemezango espetxean Georges Ibrahim Abdalla preso politiko libanoarra artatu zuen mediku batek handik egun batzuetara ohartarazi zien espetxeko arduradunei positiboa eman zuela COVID-19aren proban. Horren ondorioz, Abdallari ere proba egin zioten, eta hark ere positibo eman zuen. Geroztik, Abdalla ere bakartuta daukate, Fernandez Iradi bezala. Abdallak 37 urte daramatza preso eta Frantziako Estatuan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.