Komunikazioa

Euskarazko podcasten bi plataforma berri sortuko dituzte

Podcasten inguruko solasaldi bat egin dute EHUren Nazioarteko Ziberkazetaritza Biltzarrean. Edukiak lantaldean sortzearen garrantzia nabarmendu dute parte hartzaileek.

Ainhoa Etxebeste eta Maider Galardi. BERRIA
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 10a
18:30
Entzun

Datozen asteetan, euskarazko podcast berriak ekoitziko dituzten bi plataforma jarriko dituzte abian: batetik, EITBk eta Euskadi Irratiak plataforma bat sortuko dute; eta, bestetik, Oier Aranzabal kazetaria Podcastfilia sortzen ari da beste profesional batzuekin. Ez dituzte horien inguruko xehetasun asko eman Ainhoa Etxebeste Euskadi Irratiko podcasten arduradunak eta Aranzabalek, baina podcasten boladaren erakusle dira bi proiektu horiek. EHUk antolatutako Ziberkazetaritza Biltzarraren bigarren eta azken egunean, podcasten inguruan mintzatu dira gaur Etxebeste eta Aranzabal. Haiekin batera parte hartu dute solasaldi digitalean Berria FM podcasteko gidari Maider Galardik eta Argia-ko podcasten arduradun Eneritz Arzallusek.

Galardik azaldu duenez, Berria FM-ren sorrera BERRIA Taldeak egindako hausnarketa kolektibotik abiatu zen. «Gogoeta prozesuaren ondoren, edukiak modu multimediago batean zabaltzeko nahia atera zen. Kode deontologikoan, azaldu zen hedabide feminista bat izateko ahalegina egingo dugula». Gogoeta horien uztarketatik abiatu zen podcast feminista. Halaber, Galardi bera doktore tesia egiten ari zen, eta «arnasa luzeko kazetaritzan» aritzeko gogoz zen. 22 atal gidatu ditu jada Galardik. BERRIAko kazetariaren iritziz, gehiago entzun dira aktualitateko gaietatik gertuago egon diren atalak, nahiz eta podcasta abian jarri zuen taldeak ez duen nahi etengabe aktualitatearen bueltan ibili. Galardik, era berean, nabarmendu du talde bat dagoela podcastaren gaiak pentsatzen: Gurutze Izagirre, Oihana Elduaien, Maite Asensio eta BERRIAko zuzendariorde Amagoia Mujika. Arlo teknikoa «gainbegiratzen» dute, halaber, Berria Telebistako Lara Madinabeitiak eta Nagore Arinek. «Nahiz eta ahotsa batek jarri, lan koral bat da podcasta».

Talde lanean aritzeak ematen dituen abantailak eta mesedeak aipatu ditu Aranzabalek. «Garrantzitsua da profesionalak elkartzea, lan indartsuak egiteko. Podcastfilian elkartu gara kazetariak, editoreak eta gidoilariak audioan gauza politak egiteko asmoz». Adibidetzat jo du Athleticentzat grabatzen ari diren lan bat: aurre produkzio lana Aranzabalen lankide bat egin zuen, gidoilari bat egon da edukia lantzen, eta Aranzabal «soilik grabatzera» joan da.

Ildo berean, Etxebestek zera esan du: «Behar dira aurre produkzio on bat, narratzaile on bat, gauzak ondo kontatzea, eta teknikariak ere garrantzitsuak dira. Postprodukzio on bat behar da podcast on bat egiteko».

Aranzabalek hala aitortu du, dena den: «Euskal Herrian hasiberriak gara, eta berde gaude podcastgintzan. Espainian ere berde daude. Gomendatuko nuke AEBetakoak entzutea; narratiba berriak nolakoak diren ikasteko, merezi du haietako batzuk entzutea. Gu narrazioan asko ikasten ari gara haietaz».

Baliabideak, nahiko merke

Argia-ko podcasten arduradun Eneritz Arzallusek nabarmendu du «publiko berri batengana» iristeko asmoarekin ekin ziotela podcastgintzari: aldizkariko eduki informatiboei lotutako Net Hurbil egiten dute, batetik, eta umorezko Beranduegi tertulia, bestetik. Arzallusek aitortu zuen garrantzitsua dela, «ahal dela», baliabide tekniko onak izatea. «Horregatik, soinu txartel bat erosi genuen. Gero eta jakintza tekniko gehiago izan, emaitza hobea izango da».

Aranzabalen arabera, gaur egun diru gutxirekin edonork Euskadi Irratiaren soinu kalitatearen parekoa lor dezake.
Edukiak saretzeaz eta banatzeaz ere hausnartu dute solasaldian. Etxebesteren iritziz, produktuak «ona» behar du izan: «Biral bihurtzeak ez dit hainbeste esaten». Arzallusek ohartarazi du produktuaren emaitza ona baldin bada, askotan «espero gabeko bidea» aurkitzen duela: «Garrantzitsua da taldea gustura gelditzea egiten denarekin».

Galardi, bestalde, Berria FMren entzuleen gainean mintzatu da: «Egunkariaren irakurleak euskaltzaleak, irakasleak eta 40 urte baino gehiagokoak dira. Podcastarekin hartzaile gazteagoak eta emakumeak harrapatu nahi ditugu. Iruditzen zaigu posible dela bi audientziak batzea, eta entzule gehiago lortzea». Aranzabalek, halaber, adierazi du podcastak zabaltzeko «leku komunak» eta «erreferentziak» beharrezkoak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.