Sindikatuak

Langileen lan eta bizi baldintzak «nabarmen okertu dira» azken hamarkadan

Euskal gizartean «arrakalak handituz» doazela azaleratu du LAB sindikatuaren Ipar Hegoa fundazioaren 'Ikusmiran' txostenak. Gizarte Segurantza eta lan kode propioak eraikitzeko proposamenak ezagutaraziko ditu LABek, urtarrilean.

Oihane Lopetegi eta Igor Arroio 'Ikusmiran' txostenarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2020ko azaroaren 11
13:44
Entzun

Desberdintasuna gero eta handiagoa delako ustea aski zabaldua dago euskal gizartean. Bada, LAB sindikatuaren Ipar Hegoa fundazioak kopuru zehatzak jarri dizkio desberdintasun horri Ikusmiran txosten zabalean. Azken hamar urteetako lan eta bizi baldintzak aztertu dituzte fundazioan, eta lan horren emaitza argia da: soldaten, pentsioen, pobreziaren eta etxebizitzaren arloetan okerrera egin dute langileen baldintzek.

Arrakalak handitu egin dira, alegia, hala emakumeen eta gizonen artekoak, nola gazteen eta gainontzeko populazioaren artekoak. «2008tik 2013ra ipini ziren habeek hortxe jarraitzen dute, eta lan erreformaren filosofia hori erabiltzeko moduan dago oraindik ere», ohartarazi du Oihana Lopetegi fundazioko arduradunak, pandemiaren itzalean etor daitekeenari erreparatuta.

Azken hamar urteetako «prekarizazio prozesua» errealitate bat da, beraz, Lopetegik dioenez, eta, soldatetatik hasita, nabarmendu du soldatarik txikienak eta handienak jasotzen dituzten langileen kopuruek gora egin dutela; erdiko pertzentiletakoak, aldiz, murriztu egin dira. Horrekin batera, kontratu mugagabea eta aldi baterakoa dutenen arteko arrakalak gora egin du; zer esanik ez langile gazteen eta besteen artekoak.

Pentsioak eta etxebizitza

Pentsioei dagokienez, Lopetegik dio erretiroa hartu duten azkenek pentsio handiko langileak izan direla, «beren lan baldintzak negoziatzeko aukera izan duten gizonezkoak, gehienbat». Baina pentsioak gero txikiagoak izango direlako abisua eman du: «Batetik, pentsio erreforma berak arauak aldatuko dituelako jasotzen den saria txikiagoa izan dadin; bestetik, lan erreformaren itzalean gauzatutako prekarizazioak pentsio eskasagoak ekarriko dituelako». Erretiratuen %40k 1.080 eurotik beherako pentsioa dutela gogoratu du, eta horietatik gehienak (%70) alargunak direla; eta alargunen artean, berriz, gehiengo handi bat emakumeak direla erantsi du.

Baldintza horiek guztiek pobrezia neurtzen duten aldagaien eboluzio kaskarra eragin dute azken hamarkadan. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan pobreziak %15 egin du. «Populazioaren %11k ezin dute ustekabeko gastuei erantzun, adibidez, eta %18 ezin dira oporretara joan».

Etxebizitzaren arloan ere, langileek gero eta egoera zailagoa dute. «Politika publikoek ez diote soluziorik eman etxebizitzaren arazoari urteotan», Ipar Hegoa fundazioko arduradunaren arabera. Ipar Euskal Herrian lehen etxebizitzak baino gehiago dira bigarren etxebizitzak, eta, esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, langileek beren soldaten %48 bideratzen dute etxebizitza pagatzera, dela hipoteka pagatuz, dela alokairua pagatuz.

«Grebak beharrezkoa dira»

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak langileek aurrez aurre dute errealitate gordin horren analisi politikoa egin du. Hasteko, azken hamarkadan grebek eta lan hitzarmenek izan duten eboluzioak bat datozela nabarmendu du. «Eskuz esku doaz; grebek behera egin dutenean lan itunek berdin; 2015etik greba deialdiek gora egin zuten, eta haiekin batera lortu zituzten langileek lan hitzarmenak». Arroyoren hitzetan, «borroka sindikala dagoenean lan itunak daude». Elkarrizketa Sozialerako Mahaia zenbatean biltzen den, «horrek ez dauka zerikusirik lortzen diren lan itunekin».

Horregatik, LABeko kideak dio «kontrabotere eredua behar-beharrezkoa» dela sindikalismoan: «Grebak beharrezkoak dira». Horra iritsita, Arroyok administrazio publikoan dauden lan gatazkei erreparatu die. «Oso garrantzitsuak dira» zerbitzu publikoetan egiten ari diren mobilizazioak, baita metalgintzan lortutako akordioak ere, «batez ere subrogazioa lortu delako azpikontratatuta jarduten dutenentzat». LABek arrakalak txikitzeko urratsak egiten jarraitzen duela esan du, «rider-en eta etxeko langileen sektoreetan, adibidez».

Baina sindikatu abertzaleak eraginkorragoa izan nahi du langileentzat asko ilundu den agertokia hobetzeko. «Grebak ez dira nahikoa», aitortu du idazkari nagusiaren ondokoak. Horregatik, urtarrilean zenbait proposamen helaraziko dituzte beste eragileentzat, alderdi politikoentzat eta sindikatuentzat, «herri eztabaida bat» abiatu nahian. Gizarte segurantza eta lan kode propioak izateko proposamenak izango dira.

LABek ez die muzin egingo Espainian eta Frantzian lor daitezkeen hobekuntzei, baina «errealitate propioa» eraikitzea dauka helburu, eta jardun horretan euskal gizarte segurantza bat eta euskal lan kode bat nola izan beharko luketen eztabaidatu nahi du beste eragileekin, «lan hori ez baitagokio soilik LABi».

Dena den, Igor Arroyok dio badirela tresnak langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, eta horiek baliatzeko garaia dela, «esaterako euskal esparru akordioa». Tresna horien bide lor daiteke, esaterako, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, eta soldata txikienak osatzea, borondate politikorik bada; «baita 35 orduko lan astea ezartzea ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.