Kaleratzeak

Aernnovak baieztatu du langileak botako dituela, baina ez du zehaztu zenbat

Urte amaierara arte ez du erabakirik gauzatuko. Kaleratzeak ez diren beste neurri batzuk hartzeko eskatu dute sindikatuek.

Aeronautikako langileek urriaren 2an Eusko Legebiltzarraren aurrean egin zuten protesta. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 11
17:58
Entzun

Aernnovako zuzendaritzak gutun bidez jakinarazi die sindikatuei Berantevillako (Araba) lantegian enplegua erregulatzeko txostena egiteko asmoa duela, sektore aeronautikoak bizi duen krisi «estrukturala» dela eta. Oraingoz, enpresak ez die xehetasunik eman langileei, eta, beraz, ez dakite erabakiak zehazki nola eragingo dien lantegi horretako 450 beharginei.

Zuzendaritzak azaldu duenez, aeronautikaren sektoreak bizi duen krisiak enpresa «behartu» du halako neurri bat hartzera. Uztailaren amaieran, lantaldearen %20ko murrizketa iragarri zuen, eskaerek %30-40 behera egin dutelako, COVID-19ak mugimenduan eta, bereziki, aeronautikaren sektorean izan duen eraginagatik. Berantevillako plantaren kasuan, kaleratzeak etetea lortu zuten, urte amaierara arte gutxienez, aldi baterako erregulazioa ezarrita.

Sindikatuak ez daude ados zuzendaritzak emandako azalpenekin. ELAk errefusatu egin du erregulazio espedientea. Haren ustez, konpainiak egun duen lan karga txikiaren arrazoia «koiunturala» da, osasun krisiak eragina, eta azpimarratu du horregatik ezin direla justifikatu enpresak hartu nahi dituen «neurri estrukturalak eta traumatikoak». Egungo egoerari «errentagarritasuna ateratzea» leporatu dio zuzendaritzari.

«Egoerari etekina atera nahi diote»

ELAk azaldu duenez, Aernnovak «milioi askoren irabaziak» izan ditu azken urteetan, eta tartea badu aurrera egiteko; izan ere, sindikatu horren arabera, 2017an 139,4 milioi banatu zituen akziodunen artean, eta aurtengo urtarrilean 490 milioi euroko kreditua eskatu zuen, «horietatik 100 milioi akziodunen artean banatzeko». «Zenbaki horiek erakusten dute nahi duten gauza bakarra egoera honetatik dirua ateratzea dela», berretsi du.

LABek ere erregulazio espedientearen aurkako «jarrera irmoa» agertu du, eta mezu bat igorri die instituzioei enplegua ziurtatzeko eta enpresaren etorkizuna bermatzeko neurriak eman ditzaten eskatuz. ELAk bezala, azpimarratu du Aernnovaren egungo egoera koiunturala dela eta egoerari aurre egiteko neurriak ere halakoak izan behar direla.

Espedientearen alternatiba gisa, lanaldiak jaistea eta langileen artean lana banatzea proposatu du, eta erakundeei eskatu die «benetako industria politika» bultzatzeko, «langileak defendatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.