Ospitale guneetako agerraldietan 22 lagun kutsatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan

Hamabi langile kutsatu dira Basurtuko ospitaleko agerraldian. Donostia ospitalean, berriz, hamar positibo izan dituzte azken egunetan: lau langile eta sei paziente

Basurtuko ospitalea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko azaroaren 12a
13:35
Entzun

Basurtuko Ospitaleko hamabi langilek positibo eman dute COVID-19an, zentroko dialisi gunean agerraldi bat atzeman ostean. Egun gutxiren buruan Bizkaiko ospitale gune batean atzeman duten bigarren agerraldia da, Gorlizen beste kutsatze gune bat detektatu baitzuten aste honetan bertan. Orduko hartan, pazienteen %20 eta langileen % 10 kutsatu ziren: 70 kasu inguru, beraz.

Basurtuko ospitaleko dialisi gunea «eremu garbia» da; hots, COVID-19an positibo emandako pazienterik ez da artatzen han. Hortaz, osasun langileek maskara kirurgikorik gabe egiten zuten lan. Aurrerantzean, segurtasun neurri gehiago aplikatuko dituzte: besteak beste, FFP2 maskarak erabiltzea, inguru osoa desinfektatzea eta langile nahiz pazienteen artean baheketa egitea. Zehazki, Hemodialisi unitateko 33 langileri egin zaizkie probak jada.

Osakidetzak jakinarazi duenez, berriz, hamar lagun kutsatu dira Donostia ospitalean. Osasun Saileko arduradunen arabera, baina, kutsatzeak ez dira gertatu agerraldi bakar batean, "azken asteetan piztutako foku txikietan baizik". Kasu guztiak "kontrolpean" daudela gaineratu dute: "Kasuak atzemanda, baheketa egin zitzaien langile eta pazienteei, eta ingurua desinfektatu zen".

Sindikatuen kritika

Osasun alorreko sindikatuek behin baino gehiagotan kritikatu dituzte osasun langileen lan baldintzak, eta baliabide gehiago eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Azken egunetako agerraldiek indartu egin dituzte kritika horiek. Gorlizko agerraldiaren harira, adibidez, LAB sindikatuak salatu zuen gela bakoitzean lau paziente egoten direla, eta langileek maskara kirurgikoak zituztela. «Paziente horietako bakoitzak bisita bat jasotzen zuen; askotan, zortzi pertsona elkartu dira espazio txiki eta gaizki aireztatu batean». Beraz, eragotz zitekeela uste dute: «Langileentzako nahiko babes jarri izan balitz eta bisiten kontrola apur bat handiagoa izan balitz, egoera hori eragotz zitekeen».

Bestalde, Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin zituzten atzo Arabako eta Gipuzkoako ospitaleen eta osasun etxeen atarian, «kolapsoa» eta Eusko Jaurlaritzaren «gutxiespena» salatzeko. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek langileak «egoera larrian» bizi direla salatu zuten. Gaur, beste pauso bat emango dute Bizkaian: grebara deituta daude langileak. Aurrez Araban eta Gipuzkoan egin dituzte grebak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.