Amaia Amilibia. Altsasuko gazte baten ama

«Helburua birgizarteratzea bada, gure semeek etxean egon beharko lukete»

Ane Eslava.
2020ko azaroaren 15a
08:27
Entzun

Bigarren graduan jarraitzen duten Altsasuko bi gazteetako baten ama da Amaia Amilibia: Jon Ander Cobena. Zaballako (Araba) espetxean du semea, Julen Goikoetxearekin batera. Atxilotu zituztenetik lau urte igaro direnean, minak «oso bizia» izaten jarraitzen du Amilibiarentzat, baina begirada Europako justizian du jarrita: Estrasburgoko auzitegiak gertatutakoa onartzea espero du, behingoz «deskantsatzeko».

Lau urte dira zuen seme-alabak atxilotu zituztenela. Nola bizi izan duzu ordutik gertatutakoa?

Julen eta Jonan oraindik kartzelan egonda, guri zaila egiten zaigu distantziatik begiratzea, istorioa bukatuta balego bezala; oraindik mina oso bizia da guretzat. Duela lau urte atxilotu zituzten gure seme-alabak, bi aldiz pasatu behar izan zuten atxiloketaren trauma; 2016an 36 egun egon ziren Alcala-Mecoko kartzelan, isolamenduan. Ondoren, epaile instruktoreak, Carmen Lamelak, erabaki zuen aske uztea zazpi atxilotuetatik lau, artean Jonan eta Julen. Horrela egon ziren urtebete eta erdi: aske. Baina asktatasunik gabe: astean bitan epaitegira sinatzera joan behar zuten, eta pasaportea atxikia. Horregatik, esaten dugu lau urte daramatzatela askatasunik gabe.

Haiek zer moduz daude?

Jonan eta Julen oso mutil jatorrak dira. Alde batetik, kristoren beharra eta gogoa dute kalera ateratzeko, baina, barruan, egoera horretan bizirik irauteko, erabat murgildu dira ikasketetan, kirolean… barruko bizitzan, han dituzten aukera eta baliabideekin. Horri esker, aurrera egiten dute.

Oraingo egoera salbuespenezkoa da, eta espetxeetan mugak are gogorragoak dira.

Izugarria da. Kartzelako hormaren zabalera handitu da orain. Pandemiaren hasieran bereziki gogorra izan zen, kanpoko harreman guztiak eten zituztelako. Aukera bakarra idaztea zen, eta, hala ere, gutunak oso berandu iristen ziren. Garai batean, hilabetean hiruzpalau aurrez aurreko bisita zituzten, eta orain, bakarra dute, kristalarekin; bisitak laburragoak dira; paketeak berrogeialdian jartzen dituzte… Isolamendu emozionala handiagoa da orain.

Hirugarren gradura igarotzeko eskaera ukatu diete berriki, eta helegitea jarri duzue.

Bai, espetxeko tratamendu batzordeak, abuztuan, esan zuen Jonanek eta Julenek baldintzak betetzen dituztela baldintzapeko askatasunerako erregimenera igarotzeko. Profesionalen balorazioak oso onak ziren, eta Zaballako batzordeak Madrilera bidali zuen proposamena, baina Madriletik ezezkoa etorri da. Ikusten dugu ezezkoak ez duela oinarri sendorik, ez daudelako derrigorturik zigorraren erdia kartzelan pasatzera. Lege penitentziarioaren helburua bada birgizarteratzea, etxean egon beharko lukete jada.

Espainiako justiziaren bideak agortuta, Europara joko duzue. Itxaropentsu zaude?

Prozesu hau ez da ohikoa izan. Gertatutakoa askotan gertatu da, eta gauzak bere dimentsioan egin izan balira, Nafarroan epaituko zuten: gertatutakoa argituko zen, eta hor geldituko zen. Baina oso ibilbide maltzurra eta neurrigabea izan du. Oso ibilbide luzea izan da, makabroa batzuetan, eta Europako atala falta zaigu. Noski joango garela Giza Eskubideen Europako Auzitegira, eta gustatuko litzaiguke han gaia onartzea, gertatutakoa ondo aztertzea, eta erakustea gure seme-alaben giza eskubideak bortxatu egin dituztela, behin baino gehiagotan. Orain arte jaso dugunaren ondoren, hori behar dugu, deskantsatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.