25.000 langile sartu dira aldi baterako espedienteetan irailaren 30az geroztik

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak dira, eta horien %79 ostalaritza sektorearen ingurukoak dira.

Kalderapeko Bilboko taberna, itxita. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 17a
13:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aldi baterako erregulazio espedienteen 4.630 eskaera jaso ditu irailaren 30z geroztik. Eskaera horiek, bere osotasunean, 25.002 langileri eragingo liekete, baina litekeena da azken kopurua hori ez izatea, enpresa askotan ez dituztelako langile guztiak sartuko erregulazioan. Eskaeren %79 ostalaritza sektoreko enpresetatik iritsi dira: tabernak, jatetxeak eta banatzaileak.

Jon Azkue Jaurlaritzako Lan sailburuordeak eman ditu datuak. Erregulazio eskaeren 3.662 ostalaritza arlokoak dira, eta, denera, 16.880 langileri eragingo liekete. Eskaera horien gehienak azaroaren 7tik aurrera iritsi dira, Jaurlaritzak negozioen itxiera agindu zuenetik. Lan agintaritzak 2.116 eskaera ditu aztertzeke, eta bost eguneko tartea du haiei erantzuteko. Beste eskaerei dagokienez 1.345 onartu ditu, 105 ukatu, eta 55ek ez dute aurrera jarraitu.

Azkuek azaldu du zergatik ez dien 25.002 langileri eragingo, eta bi arrazoi eman ditu. Batetik, logikoena: azaldu bezala, eskaera guztiak ez direlako onartzen. Bestetik, enpresek ez dituztelako langile guztiak sartzen erregulazioan. Hainbatek txandaka egiten dute lan; astelehenetik ostiralera eta asteburuetan, esaterako, oso ohikoa ostalaritzan, eta enplegatzaileek agian txanda bateko langileentzat bakarrik eskatzen dute erregulazioa.

Sailburuordeak azterketa positiboa egin du, eta ostalariek lanpostuei eutsi nahi dietela nabarmendu: «Gobernuen laguntzengan fedea dute enpleguari eusteko. Asko ixtea pentsatzen ari ziren, eta jarrera aldaketa bat egon da». Sailburuordeak emaniko datuaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Koronabirusaren krisiaren eraginez aldi baterako erregulazioan sartu diren langileen %84 lanera itzuli dira. Horiei erregulazioa eskatu arren lanean jarraitu zuten %12 gehitu behar zaie. Azkuek, gainera, ez du kaleratze uholderik espero aldi baterako erregulazioak amaitzean: «Ez dugu beldurrik izan behar. Suspertze ekonomiko oso bizkorreko ereduak ditugu, Txinakoa adibidez. Euskadin, udan, erakutsi genuen guk ere badugula ahalmen hori».

Aldi baterako erregulazioan sartzen diren langileak langabeziara igarotzen dira, eta soldata oinarriaren %70 jasotzen dute. Enplegatzaileek, berriz, ez dute gizarte segurantzarik ordaintzen, eta, jarduera mugatua badute —etxerako jan zerbitzua—, %10 ordaintzen dute bakarrik. Trukean, enpresek ezin dute kaleratzerik egin sei hilabetean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.