Saharako herriaren autodeterminazio eskubidean oinarritu beharko litzateke konponbidea, EAJren ustez

Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpenak egin dituzte eragile anitzek. Mobilizazioak egin dituzte asteburu guzian zehar Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herri anitzetan.

Hernanin egin zen protestaren argazkia. URTZI URKIZU
2020ko azaroaren 17a
13:35
Entzun

Mendebaldeko Saharan gerra egoera ezarri eta gatazka gogortu ondotik, Saharako herriari babesa erakusteko mobilizazio andana egin dituzte asteburu honetan Euskal Herriko hainbat tokitan. Ehunka jende batu dira, besteak beste, Bilbon, Iruñean, eta Donostian, Saharan duten legez kanpoko okupazioa salatu, eta autodeterminazio eskubidea gauzatu dadila eskatzeko. Eragile andanak babestu ditu protestak, eta saharar errefuxiatu anitzek parte hartu dute.

Gaur, sahararren herriari elkartasuna adierazi dio EAJren Euskadi Buru Batzarrak «nor izateko eskubidea aldarrikatzeko bide baketsutik daraman bidean», eta alde biek adostutako su-etena hautsiz Nazio Batuen ebazpenak urratu izana salatu du. EBBren iritziz argi dago MInursoren misioak bake hauskorra ahalbidetu duela orain arte, eta ez duela lortu Saharako herriaren autodeterminazio eskubidean oinarritu beharko litzatekeen konponbide negoziatu bat bideratzea. Hala, eskaera bat baino gehiago egin ditu: Marokori, tropak Guerguerateko pasabidetik erretiratze, azaroaren 13ko erasoaren aurreko egoerara itzuliz; erasotzaileei, eraso armatuak murriztea, odol isurketak eragozteko eta gatazkatsua izan daitekeen eskualde batean tentsio politikoa eragozteko; Nazio Batuen Erakundeari, bere erabakiak betearazteko erabakimenari eutsi eta ahaleginak egiten jarrai dezala konponbide negoziatua lortzeko, Saharako herriak berak adierazitako borondate askean oinarrituta; Nazioarteko Komunitateari egoera aztertu eta konpromisoa erakustea, NBE bezalako alderdi anitzeko erakundeak indartzeko.

EH Bilduren hitzetan, «garrantzitsua» da Espainiako Estatuari erantzukizuna eskatzea, «Sahara administratzen duen potentzia den aldetik, gatazkan aktiboki parte hartzeko eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidea bultzatzeko». Koalizio abertzaleak «konpromiso irmoa» adierazi die Fronte Polisarioari eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari, Marokoren legez kanpoko okupazioaren aurka, eta nazioarteko komunitateak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari babesa adierazteko momentua dela erran du. Horrez gain, Arantxa Gonzalez Espainiako Atzerri ministroaren presazko agerraldia eskatu du Espainiako kongresuan, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharan konponbiderik bultzatzeko konpromisorik duen galdetzeko.

Euskadiko Gazte Sozialistek (JSE-Egaz) dei egin diote nazioarteko komunitateari Mendebaldeko Saharan bakea eta segurtasuna bilatzeko, eta «deskolonizazio prozesua amaitzeko» eskatu du. Agiri batean, PSE-EEko gazte erakundeak gogoratu du beti erakutsi duela bere «erabateko» sostengua eta konpromisoa erakutsi ditu, «sahararren herriaren kausa legitimoarekin, gaur egun Marokok legez kanpo okupatuta duen lurraldea deskolonizatzeko borrokan». Gazte sozialistek adierazi dute Mendebaldeko Sahara lurralde ez-autonomoa dela NBEren arabera, eta Afrikako Batasuneko estatu kide burujabe eta independentea dela; «Saharako herria da bere lurraren gaineko subiranotasunaren jabe bakarra eta bere patua eta etorkizuna erabaki dezakeen bakarra», adierazi du JSE-Egaz-ek. Ernai gazte antolakundeak ere Saharako herriaren autodeterminazioaren eta askatasunaren alde mobilizatzera deitu du asteburuan zehar. GKSk Sahararen okupazioarekin «kolaboratzen» duten estatu eta bestelako instituzioen «izaera zapaltzailea» salatu du, eta «elkartasun osoa» adierazi die Saharako herriari eta Fronte Polisarioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.