Sexualitatea

Narrazio erotikoen lehiaketa antolatu du 'Kaixomaitia.eus'-ek

Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko inkesta egin zuten otsailean, eta Eguberrien aurretik argitaratuko dituzte emaitzak.

jarraia189874.jpg
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 17a
16:28
Entzun

Euskaldunen arteko harremanak bultzatzen ditu Kaixomaitia.eus guneak 2007. urtetik. Jendea harremanetan jartzea errazteaz gain, euskal herritarren harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketak bultzatzen ditu guneak. Oraingoan, lehiaketa bat antolatu dute, erotismoa lantzeko. Iñigo Arandia ekintzaileak sortu zuen Kaixomaitia.eus plataforma duela 13 urte. Urteotan milaka euskaldun jarri ditu harremanetan.

Lehiaketaren ernamuina plataformak 2016. urtean sorturiko blogean datza. Erabiltzaileekin batera, 240 testu sortu zituzten blog horretan, «erdia ipuin erotikoak, besteak orotarikoak», Arandiak esan duenez. «Beharra ikusten genuen jende berria ezagutzeko. Euskal lehiaketen panoraman ikusten genuen horren hutsunea». Garai batean dezente bultzatu zen literatura erotikoa, azaldu duenez, baina azken boladan lehiaketa bakanen bat geratzen da «nahiko bailarakoa». Horregatik, Arandiak «giro» pixka bat sortu nahi du.

Elkar argitaletxearekin harremanetan jarri ziren Kaixomaitia.eus-en kudeatzaileak. Hark jarri ditu sarien parte bat, eta epaimahaia osatzen ere lagunduko diete.

Testu erotikoak sortzeaz gain, erotismoaren inguruko «hiztegi berria, metaforak edo esamoldeak topatzea eta zabaltzea» da, Arandiaren arabera.

Kontaketa erotikoen lehiaketan parte hartzeko, lanak Kaixomaitia.eus guneko formularioaren bidez bidal daitezke, abenduaren 21 arte. Erabakia 2021eko otsailean jakinaraziko dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jasotako narrazioen artean zortzi finalista aukeratuko dituzte. Horietako guztiek edukiko dute saria.

Lehen saridunak 1.000 euro jasoko ditu, liburu sorta bat, eta Elkar liburu dendetarako 100 euroko opari txartela. Bigarrenak sari berdina edukiko du, baina, 1.000 euro beharrean, 500 jasoko ditu. Hirugarrenak berdin, baina 250 euro. Laugarrenetik zortzigarren postuan geraturiko finalistek ez dute dirurik jasoko, baina bai liburu sorta eta Elkarrerako 100 euroko opari txartela.

Topikoaren arabera, euskalduna uzkur samarra da bere sexu eta maitasun bizitzaren inguruan hitz egiteko orduan. Horretaz idatziz aritzea izan daiteke lotsari izkin egiteko bide bat? Arandiak ez du argi. Izan ere, badaezpada ere, ezizenarekin bidez parte hartzeko aukera eman dute. Edonola ere, norbait finalista geratuz gero, haren izen-abizenak publiko egingo dituztela ohartarazten dute lehiaketaren oinarriek. «Ez gara aske sentitzen gure pribatutasuna modu natural batean zabaltzeko. Agian gero eta gutxiago da, baina nire ustez oraindik ere badago hori».

Galdeketaren emaitzak, aurki

Plataforma Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko inkesta egin zuen otsailean, Aztiker soziologia ikergunearekin elkarlanean, «euskal herritarron harreman sexual eta afektiboei dagokienez ditugun ohiturak, asebetetze mailak eta iritziak» ezagutzeko. 2016an ere 73 galderaz osatutako inkesta bat egin zuten. Orduan, 1.500 lagunek hartu zuten parte. Atera zituzten ondorioen arabera, erantzuleetako %83k bere burua heterosexualtzat zuten, %8,9k homosexualtzat, %6,4k bisexualtzat, eta %1,1ek ez zuten beren burua aurreko sailkapenetan kokatzen.

Euren bizitza afektiboari 6,9ko nota eman zioten, batez beste, eta bikotekidearekiko harremanari, 8,5ekoa.

Erantzunak jasotzeko epea otsailean amaitu zenez, martxotik aurrera pairaturiko konfinamenduak ez zuen eraginik izan. Aztikerrekin batera eginiko galdeketan 8.000 pertsonek hartu zuten parte. «Hortik 4.000 lagunen lagina hartu genuen. Oso lagin indartsua». Arandiak uste du konfinamenduak eta bestelako neurri murriztaileek eragin handia eduki dutela euskal herritarron sexu eta maitasun harremanetan. Horregatik pozten da galdeketa horren aurretik itxi izanaz. «Horrela konpara dezakegu 2016ko emaitzekin. Bestela, kutsadura bat izango zuen».

Abenduko lehenengo aste inguruan argitaratuko dute galdeketaren emaitzak, eguberrien aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.