Enpresak

ITP Aerok kaleratze gehiago iragarri ditu; orain, Ezkerraldeko plantetan

Erregulazio espedientea aurkeztu du Barakaldo eta Sestaoko lantegietan. 510 langile dira guztira, eta neurriak %10ei eragingo die gutxienez. Taldeak 95 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2019an

Carlos Alzola ITPko burua, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 17a
18:31
Entzun

Koronabirusaren krisiak gogor astindu du hegazkingintzaren sektorea, eta, apurka, lanpostu odolustea areagotzen ari da. Alestis, Lauak, Aernnova eta ITP Aeroko langileek nozitu zuten lehen enbata, eta orain ITP taldea izango da berriz neurriak hartuko dituena Bizkaiko bere lantegietan. Zamudioko plantako erregulazio espedientearen ondoren, Barakaldokoan eta Sestaokoan egingo du entresaka. PCB Precision Castings Bilbao enpresa da erregulazio espedientea aurkeztuko duena, eta bi plantetan dituen 510 langileen %10ei eragingo die gutxienez. Bihar osatuko da negoziazio mahaia, eta kaleratzeen inguruko xehetasun gehiago jakingo dira.

ITP taldearen barruan dago PCB, eta zuzendaritzak iragan ostegunean jakinarazi zien sindikatuei bere asmoa. Bi planta dira: Barakaldokoak 400 langile inguru ditu, eta Sestaokoak, 110, baina langile batzorde bakarra dute. Batzorde horretan, CCOOk sei ordezkari ditu, tartean presidentea. UGTk, beste sei; LABek, lau; eta ELAk, bat. Precision Castingsen hegazkinen turbinen aurreneko pausoa ematen dute. Instalazioetan, fundizioa ere badute, eta piezak egiten dituzte. Pieza horiek, gero, Zamudion eta beste lantegitan lotzen dituzte.

Behin-behinekoak, jada kalean

Zamudioko plantan langile multzoaren %15eko erregulazio espedientea aurkeztu zuen ITPk, eta ikusteke dago zenbatekoa izango den orain galbahea, baina, legearen arabera, %10ekoa behar du gutxienez. Zamudion ez bezala, baina, Ezkerraldeko plantetako espedienteak gogor eragingo die langile finkoei. Izan ere, egun ez dago behin-behineko langilerik. Otsailean 160 langile gehiago ziren, baina egun finkoekin bakarrik dihardute. Aurreraturiko erretiroen formulak ere ez lieke askori eragingo, sindikatuen kalkuluen arabera, bost baitira bakarrik adin horren inguruan dabiltzan langileak.

Zamudion egin bezala —egun lau errelebotara dihardute lanean—, Barakaldoko eta Sestaoko plantetan arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu ITPk erregulazioa aurkezteko. LAB sindikatuak emaniko datuen arabera, baina, enpresak emaitza oso onak lortu ditu azken boladan. Besteak beste, ITP taldeak bere diru sarrerak bikoiztu ditu azken hamar urteetan, eta 2019an 95 milioi euroko irabazi garbia lortu zuen.  

Lehen saiakera, ezeztatua

Langileak kaleratzen saiatu aurretik, PCB aldi baterako erregulazio bat egiten saiatu zen, abuztuan, eskaerak jaitsi zirela argudiatuz. Lantalde osoari eragin behar zion neurriak. CCOO, LAB eta ELA sindikatuek, baina, helegitea jarri zioten erabakiari, eta epaileak arrazoia eman zien, haren ustez ez zegoelako neurria hartzeko arrazoirik. Enpresak opor egunak balira bezala kudeatu behar izan zituen egun horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.