PILOTA

Binakakoaren finalerdia abenduaren 4an izango da, eta finala, berriz, 8an

Bihar zen egitekoa neurketa horren harira ELA sindikatuak jarritako salaketaren epaiketa, baina Eskuz Pilotako Enpresen Ligako epaileak konpromisoa hartu du baliorik gabe uzteko Agirre-Albisuri partida galdutzat emateko erabakia. Hori eginda, ELAk kendu egin du salaketa. Abenduaren 4an jokatuko da finalerdia, eta 8an finala. 

Joseba Ezkurdia eta Iñigo Bikuña, Asier Agirre eta Jon Ander Albisu azaldu zain, urriaren 10ean, Bilbon. ASPE
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 18a
11:27
Entzun

Eskuz Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) epaile bakarrak atzera egin du, eta konpromisoa hartu du baliorik gabe uzteko greba egiteagatik Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurkako Binakako Txapelketako finalerdietako partida erabakigarria galdutzat emateko erabakia. Konpromiso hori hartu ondoren etorri da ELAren erabakia, salaketa kentzearena. Hala, abenduaren 4an jokatuko da finalerdia, eta 8an izango da finala.

Urriaren 13an, ELAk salaketa jarri zuen EPELeko epaile bakarrak hartutako erabakiaren aurka: Baikoko hamabost pilotarik antolatutako greba egiteagatik, Agirre-Albisuri galdutzat eman zien urriaren 10ean Bilbon Ezkurdia-Bikuñaren aurka jokatu beharreko lehia: 22-0. Sindikatuaren arabera, erabaki hori hartuta, Enpresen Ligak greba eskubidea «urratu» zuen.

Baina, EAEko Auzitegi Nagusiak salaketa horretaz epaia eman arte asteak igaro zitezkeenez, kautela neurriak hartzeko eskatu zuen sindikatuak, epaia iritsi artean finala ez zedin jokatu, eta kalteak ez zitezen handiagoak izan. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zizkion kautela neurri horiek, eta neurketa horren inguruko salaketa argitu arte finala ez jokatzea erabaki zuen. Hala, bertan behera geratu zen urriaren 18an jokatzekoa zen finala.

ELA «pozik» azaldu da, batez ere Albisurengatik eta Agirrerengatik, euren ibilbide profesionalaren etapa garrantzitsu bat «arriskatu eta sakrifikatu» baitzuten «lankide guztien mesedetan». ELAk berriro azpimarratu du greba «tresna baliagarria» dela lan arloko aldarrikapenak defendatu eta lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.