Europako Batasuna

Ez zen Hungariari eta Poloniari aurre egiteko eguna

EBko gobernuburuek ordu laurden eskas eskaini diote gaur Hungariaren eta Poloniaren betoari. Badirudi abenduaren 10eko Kontseiluan helduko diotela EBko aurrekontuak eta suspertze funtsa blokeatuak dituen zuzenbide estatuaren gaiari. 

Charles Michel, Europar Kontseiluaren gaurko bilkura informalean. OLIVIER MATTHYS / EFE
2020ko azaroaren 19a
20:17
Entzun

Hungariarekin eta Poloniarekin lore jokorik ez zuten nahi gaur arratsaldean. Europar Kontseiluaren bideobilkuran. Dirudienez, Charles Michel Kontseiluko presidenteak aurretik herrialdeetako agintariekin hitz egin du, eztabaida «kontrolatua» ziurtatzeko, dramarako tarte gutxi utziz. Kasu egin diote, itxura guztien arabera.

Bilkuraren hasieran heldu diote gaiari: nola Hungariak eta Poloniak betoarekin blokeatuta dituzten EBren epe luzerako aurrekontua eta suspertze funtsa, ez daudelako ados baldintzetako batzuekin, hain zuzen, zuzenbide estatuarekin zerikusia dutenekin. Angela Merkelek hitz egin du aurrena —Alemaniak dauka Batasuneko presidentetza— baina egoeraz azalpen tekniko bat ematera mugatu da.

Hungariako eta Poloniako gobernuburuek hitz egin dute ondoren, labur ere, euren jarrera defenditzeko, eta azken egunetan haien alde agertu den Esloveniako lehen ministroak ere hartu du hitza. Hamazazpi minutu izan dira guztira, eta, ondoren, bilkuran, koronabirusari nola aurre egin eztabaidatzen hasi dira. Dirudienez, alde guztiak zeuden ados gaurkoa ez zela modua EBko diruak zuzenbide estatuarekin lotzen dituen baldintzez eztabaidatzeko. Abenduaren 10ean du Kontseiluak hurrengo goi bilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.