Autogintza

Mercedeseko langileek salaketa jarri diote enpresak egin nahi duen erritmo murrizketari

Sindikatuen ustez, 500 behin-behineko langileri eragingo lioke, eta auzitara jo dute hori eragozteko. Enpresak ekoizpena jaitsi nahi du 2021eko lehen hiruhilekoan. 

Mercedeseko langileek enpresaren jarrera salatzeko eginiko kontzentrazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 20a
13:51
Entzun

Mercedesek Gasteizen duen plantako langile batzordeak salaketa jarri dio zuzendaritzak 2021eko lehen hiruhilekoan ekoizpenean egin nahi duen erritmo murrizketari. Neurri zorrotzegia dela iruditzen zaio, 500 behin-behineko langileri eragingo liekeelako, eta Gasteizko arlo sozialeko epaitegira jo du enpresaren erabakia eragozteko.

 
Langile batzordeak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eginiko elkarretaratzean eman du salaketaren berri. Han bilduak ziren, enpresak sindikatuekin negoziatu gabe hartu duelako ekoizpen erritmoa murrizteko erabakia. Batzordeko presidenteak azaldu duenez, salaketa jarri dute, langile askoren baldintzak «modu nabarmenean» aldatu daitezkeelako da.

Mercedeseko zuzendaritzak barne ohar baten bitartez eman zien asmoaren berri langileei. «Neurri drastikoak hartzea saihesteko» dela azaldu zien, eta ekoizpen erritmoaren eta eskaeren artean dagoen alde handiak eragin duela. Gauzak horrela, hiru lan txandetako baten erritmoa jaitsiko zuela jakinarazi zien. Sindikatuek informazio gehiago eskatu zuten, eta, haien esanetan, jaso ez zutenez, salaketa jarri zuten lan ikuskaritzan iragan astean.

Sindikatuen ustez, erabaki honek eragin handia izango du behin-behineko langileengan, eta, beraien kalkuluen arabera, 500 bat izan daitezke kaltetuak. Sindikatuek enpresari gogoratu diote langileak «ezinbestekoak» izan direla enpresaren jardun onerako, eta eskatu diote ez dezala pandemiaren aitzakia erabil epe luzerako irabaziak bermatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.