Eduki babestua

Oiartzungo ondarea ezagutzeko parada

Oiartzungo ondare aberatsa biltzen duen webgune bat osatu du udalak, berrehun fitxa inguru dituen katalogo batekin. Oso erraza da edonork erabiltzeko.

Oiartzungo ondarea biltzen duen webgunearen aurkezpena. OIARTZUNGO UDALA
2020ko azaroaren 25a
15:59
Entzun

Oiartzungo historia oso aberatsa da, eta denboran zehar kultur ondarearen arrasto ugarik iraun du Oiartzungo lurretan, materialek zein immaterialek. Kultur ondarea ezinbesteko tresna da herrien identitatea eraikitzen laguntzeko, iragana ezagutzeko, oraina ulertzeko eta etorkizuna lantzeko. Horrela, ondareak duen garrantziaz jabetuta, udalak herritarren eskuetan jarri nahi izan du, datu base zabal baten eta www.ondarea.oiartzun.eus webgunearen bitartez. Oiartzungo Udalak azaroaren 6an aurkeztu zuen, Ondarearen Jardunaldiei hasiera emateko ekitaldian.

Erabiltzeko oso erraza da. «Hori zen helburuetako bat, erabiltzeko erraza izatea herritarren esku egoteko eta beraiek lasai erabil zezaten», Iosune Cousillas Oiartzungo Udaleko Kultura zinegotziak azpimarratu duenez.

Balio handiko ondarea

Webgunean dagoen Oiartzungo ondare material eta immaterialen katalogoak berrehun fitxa inguru ditu. Horrez gain, herriko argazkiak eta bideoak ere badaude. Oiartzunen dagoen ondare guztiari buruzko informazioaren berri jakin daiteke. Besteak beste, Arditurri, Luberri eta Soinuenea museoak. Arditurriko meategiak, Beloaga gaztelua, Berin, Galtzaberri, Okillegi eta Makinetxe zentralak, Mairubaratzen begiralekua, Ofita zamatokia, Olaberria zubia, Olaberriako labea, garbitoki publikoa, hilarriak, jauregiak, elizak, ermitak, dorretxeak, baserriak, etxeak, burdinolak, errotak, dolareak, monumentuak, eskulturak, pinturak, erretaulak, harrespilak, trikuharriak, karobiak, txondorrak, eguzki erlojua, eta baita Manuel Lekuonaren ondare dokumentala eta Txomin Perurena txirrindulariaren trofeo bilduma ere.

Balio handiko ondarea da, oso aberatsa. «Oso aberatsa da gure herrian dagoen ondarea. Azken urte hauetan oso lan polita egin da hori dena biltzen. Oiartzungo herriak eta Udalak sentsibilitate handia eduki dute hori dena jasotzeko, eta orain ikusi dugu informazio asko daukagula gure ondarearen inguruan eta horrek aukera eman digula hori dena orain herritarren esku jartzeko. Ondare aldetik, aberatsa da gure herria, eta aberastasun hori jasotzea izan da erabaki hoberena, hori dena orain bildua dugulako».

Historiaren eta sustraien berri jakitea garrantzitsua baita aurrera begiratzeko. «Garrantzitsua da herritarrek jakitea nondik datozen, gure aurrekoek zer egiten zuten, zeri ematen zioten balioa. Hori dena jakiteak eta balioan jartzeak aukera ematen digu gero nora joan nahi dugun erabakitzeko».

Proiektu parte hartzailea da. Webgunean, edozein herritarrek fitxak gehitu eta osatu ditzake. «Webgunea horretarako dago bideratua. Harremanetarako atalean jartzen du edonork parte hartu nahiko balu edo fitxa bat erantsi, aukera duela hori egiteko oso era errazean. Guk horretara animatzen ditugu herritarrak, parte har dezaten. Agian badaude gauza batzuk oraindik ez dakizkigunak edo bildu ez ditugunak, eta herritarrek horrelako informazioa izanez gero, helburua litzateke gurekin harremanetan jartzea eta webgunean zintzilikatzea; guk gero hori kudeatuko genuke».

Webgunearen bidez, Oiartzungo ondareari buruzko nondik norako guztiak jakin daitezke. OIARTZUNGO UDALA

Ondare Mahaia

Oiartzungo hainbat herritarrek herriko ondareari buruzko interes, zaletasun eta ilusio handia dute, eta haien ekarpena nabarmena izan da Oiartzungo ondareari buruzko webgunea sortzeko, Iosune Cousillasek azaldu duenez. «Bestela, une honetan ez genuke izango hainbesteko informazioa».

Era berean, aipagarria da Oiartzungo Udalak azken berrogeita hamar urteotan lan handia egin duela herriko ondarea biltzen zenbait liburu, aldizkari eta ikus-entzunezkotan. 2018an ondarearen inguruko lanketa jarraitua egiten hasi zen, eta ordutik elkarlanean aritu da Ondare Mahaia osatu duten norbanakoekin eta eragileetako ordezkariekin.

Horrela, webgunea Ondare Mahaitik sustatutako proiektua izan da. «Ondare Mahaia da gure tresna honekin guztiarekin aurrera jarraitzeko. Gure ondare guztia bildu, sailkatu eta ordenatu egin dugu, eta herritarren esku jarri dugu, baina lan hau ez dago inondik inora bukatuta. Gure herria bizirik dago, eta oraindik beste gauza asko izango ditugu biltzeko. Horretarako, herritarrak animatzen ditugu parte har dezaten, eta beren ekarpena egin nahi badute hurbil daitezen: oso eskuragarri gaude».

Arizmendienea etxea

Webgunea sortu eta martxan jartzeaz gain, Oiartzungo Udalak ondarea berreskuratzeko lanak egiten jarraitzen du. Besteak beste, Arizmendienea etxean. «XVIII. mendeko eraikin bat da, Udalak orain dela urte batzuk erosi duena. Gure helburua da etxe hori mantentzea dagoen bezala eta herritarrei laster zabaltzea. Gure ondarearen euskarri fisikoa izango da, webgunea euskarri birtuala den bezala. Arizmendienea gure ondarea adierazten duen eraikina izango da».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.ondarea.oiartzun.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.