Ingurumena

Izokinak egonkortu egin dira Bidasoaren goialdean eta Leitzaranen

Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hamaika presa eraitsi dituzte ibai horietan, eta pasabideak atondu

Izokin bat, Bidasoan. JOSE ARDAIZ
2020ko azaroaren 26a
16:15
Entzun

Duela hamarkada batzuk galtzeko zorian baziren ere, gero eta ohikoagoak dira izokinak Kantaurialdeko ibaietan. 2016an, Life-Irekibai programan oinarrituta, elkarlan bat jarri zuten martxan Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, horri esker, nabarmen hobetzen ari da arrain espezie horren egoera. Besteak beste, atzo bi erakunde horietako agintariek jakinarazi zutenez, Bidasoaren goialdean eta Leitzaranen egonkortzen ari da izokinen populazioa.

Life-Irekibai programa horren bidez, hiru milioi euro inbertitu dituzte Gipuzkoa eta Nafarroa arteko ibai horietan. Zatirik handiena Europako Batasuneko Life proiektuaren bidez heldu da (1,8 milioi euro), eta, hala, Natura 2000 sarean dauden sei lekutan egin ahal izan dituzte hobekuntzak: Leitzaran, Baztan, Belate eta Artesiaga ibaietan, eta Bertiz eta Artikutza naturguneetan. Ibai ibilguetan zeuden oztopoak eta harresiak kentzeak onura handia egin die izokinei, baina baita beste arrain espezie batzuei ere: kolaka, lanproia, burtaina... Horrez gain, ugaztun batzuei ere bultzada handia ekarri die: europar bisoiari eta iberiar desmanari, besteak beste. Ertzetan egindako lanen bidez, ibai basoek ere aurrerapen handia egin dutela jakinarazi dute agintariek. Bereziki haltzadietan egindako hobekuntza azpimarratu dute. Hori lagungarria izango da ziklo hidrologikoa kontrolatzeko, higadurari aurre egiteko eta ibai ekosistemaren orekari eusteko. Horrela biodibertsitatea hobetzea lortuko dutela adierazi dute, korridore ekologiko horietan hainbat espeziek babesa aurkituko dutelako.

Gaurko agerraldian izan dira Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta Pablo Muñoz Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendaria, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.