REAL MADRIL1-2 ALAVES

Bolada ona indartzeko garaipen handia

Alavesek nagusitasunez irabazi du Real Madrilen zelaian. Lucas Perezek eta Joseluk sartu dituzte gasteiztarren golak.

Alaveseko jokalariak, Lucas Perezek sartutako gola ospatzen, partidako lehena. EFE
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 28a
23:02
Entzun

Handia egin du Alavesek gaur, Valdebebasen (Espainia) . Real Madril hartu du mendean: 1-2. Merezitako garaipena izan da, Espainiako taldea baino gehiago izan baita. Bizi izan da, eta aurkariak defentsan egindako hutsak aprobetxatu ditu. Horri esker irabazi du, eta horri esker eusten dio bolada onari. Bost jardunaldi daramatza galdu gabe: bi garaipen lortu ditu, eta hiru berdinketa. Bolada gozo horrek ondorioa izan du sailkapenean, Gasteizko taldeak jauzia eman baitu: bederatzigarren postuan da, hamahiru punturekin.

Gasteiztarrek bikain egin diote partidari. Laugarren minutuan, Laguardiak buruz errematatu du, eta baloiak Nachoren eskuan eman du. Epaileak penaltia adierazi du, eta Lucas Perezek ez du huts egin. Aurrelari galiziarrak berak gertu izan du bigarren gola 24. minutuan, Jota Peleteirok pase ederra eman dio, eta bakarrik geratu da Courtoisen aurrean, baina atezainak geldiketa ikusgarria egin dio.

Minutuek aurrera egin ahala, Real Madrilek gora egin du, eta gero eta arrisku gehiago hasi da sortzen Pachecoren arean. Kroosek bi aukera garbi izan ditu jokaldi berean, baina Alaveseko atezainak biak zapuztu ditu. Hala, 1-0ekoarekin amaitu da lehen zatia.

Pentsatzekoa zen atsedenalditik bueltan Real Madrilek estu hartuko zuela Alaves, baina horretarako aukerarik ez du izan. Courtoisek huts galanta egin du, baloia oparitu dio Joseluri, eta aurrelariak ez du alferrik galdu. 0-2. Pablo Machinek entrenatutako taldeak oso bideratuta utzi du garaipena. Izan ditu aukerak hirugarren gola sartzeko, baina ez du asmatu ate aurrean. Casemirok 1-2koa sartu du 86. minutuan, eta beldurra sartu die bisitariei. Javi Lopezek eskura izan du 1-3koa, eta Iscok binakoa, baina ez da gol gehiago izan. Pozarren ziren Alaveseko kideak partida amaieran. Ez da gutxiagorako, txapela kentzeko garaipena lortu baitute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.