Futbola

Realak eta Athleticek ezin izan dute irabazi

Realak bana berdindu du Vila-realen aurka, Anoetan. Athleticek ere emaitza bera eskuratu du Getafaren zelaira eginiko bisitan. Osasunak, berriz, lau gol jaso zituen Bartzelonan.

Barrenetxea, Realaren eta Villarealen arteko partidan. JON URBE / FOKU
2020ko azaroaren 30a
07:45
Entzun

Sailkapeneko goi postuetan egotera deituak daude Reala eta Vila-real, eta gorenean eusteko hiru puntuen bila atera ziren bi taldeak, Anoetan. Azkenean, ordea, puntu bana bakoitzarentzat. Hala, eten egin da donostiarren bolada ona. Sei garaipen jarraian zeramatzaten. Nahikoa izan da, ordea, lidergoari eusteko.

Partida parekatua izan zen jokatutakoa. Vila-real izan zen baloiaren jabe lehen minutuetan, eta horrek saria izan zuen Aritzek Estupiñan lurrera bota zuenean, area barruan. Gerard Morenok ez zuen barkatu, eta penaltiz aurretik jarri zuen talde horia. Realak, ordea, gora egin zuen gola jaso ostean. Le Normandek eta Barrenetxeak aukera bana izan zuten, baina txuri-urdinen gola ere penaltiz iritsiko zen. Oiartzabalek ez du barkatzen. Bigarren zatian, Willian Josek izan zuen aukera garbiena. Halere, ez Realak ez Vila-realek ez zuten ate aurrean asmatu, eta banakoarekin konformatu behar izan zuten. 

Athletic eta Getaferen artekoak ere antzeko gidoia izan zuen. Gaizka Garitanoren taldea Betisi lau gol sartu zizkion hamaikako berarekin atera zen, eta joko onari eustea lortu zuen. Lehen zatian, Vencedor eta Villalibre izan ziren zuri-gorrien jokalari onenak, eta bigarren horrek sartu zuen Athleticen gola. Bilbotarrek izan zuten aldea zabaltzeko aukera ere, Vesgaren jaurtiketa batekin, baina Soria erne ibili zen atepean. Gertu zirudien Athleticen garaipenak, baina, partida amaitzeko ordu laurdenen faltan, Angelek zulo bat topatu zuen haien defentsan, eta area kanpotik eginiko jaurtiketa batekin berdindu zuen markagailua.

Osasunak ezin berriz irabazi

Uztailean, Bartzelona ahalguztiduna garaitzea lortu zuen Osasunak, non eta Camp Noun. Atzo, baina, oso bestelakoa izan zen partida. Lau gol sartu zizkioten talde nafarrari. Braithwaitek sartu zuen lehen gola. Haren ostean, lehen zatian iritsi ziren beste bi ere: Griezmann eta Coutinho protagonista. Bigarren zatian, 73. minutuan, Messik sartu zuen partidako azken gola, Maradonari eskainia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.