Bilboko portuko lan gatazka

Bilboko zamaketariek greba bertan behera uztea onartu dute Lan Ministerioaren bide orria errazteko

Bilbo Estiba zamaketa enpresak negoziazio bideari baiezkoa eman bezain laster utziko dituzte lanuzteak. Erantzuna ezezkoa bada, protestaldiarekin jarraitzeko prest daude.

Bilboko portuko zamaketarien protesta ekitaldi bat. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 1a
14:31
Entzun

Bilboko zamaketariek aho batez erabaki dute Espainiako Lan Ministerioak portuko lan gatazka konpontzeko bide orria babestea. Horretarako, greba bertan behera utzi beharra zeukaten, eta pauso hori ematea erabaki dute gaur eginiko bileran. Langile batzordeko sindikatu guztiek begi onez ikusi dute erabakia. Orain Bilbo Estiba zamaketa enpresak bateratzen dituen elkartearen erabakia falta da, eta, hark baiezkoa ematen badu, orduantxe bertan utziko dute greba zamaketariek. Egun indarrean duten deialdia abenduaren 9ra artekoa da.

Bilboko zamaketariek negoziatzeko borondatea dute. Grebak 55 egun bete dituen honetan, Bilbo estibarekin esertzeko prest daude. Enpresak, baina, hiru aldiz esan du dagoeneko «arbitraje loteslea» dela konpontzeko modu bakarra. Espainiako Lan Ministerioa, baina, bete-betean sartu da auzian. Lehenbizi bitartekari izateko eskaini zuen bere burua, eta, Bilbo Estibak hari ezetz esan ondoren, beste pauso bat eman du negoziazio bide orri bat diseinatuz. Ministerioaren ustez, badago bi aldeen nahiak gogobetetzeko modua, legea urratu gabe.

Bide orri horrek bilera egutegi bat zehazten du. Batzuk, langile eta enpresaren artekoak, eta beste batzuk, ministerioko ordezkariren batekin. Orain, Bilbo Estibaren erantzuna falta da. Grebaren kalte handiak aipatu ditu enpresak, eta ikusteko dago ministerioaren inplikazioan iritziz aldarazten dion. Ostegunera arteko epea du erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.