PILOTA

Banakakoaren lehiaketa sistema bera lau eta erdikoan

Larunbatean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, eta abenduaren 27an jokatuko da finala, Bilbon. 

Lau eta erdikoan ariko diren pilotari guztiak, Altuna III.a ez beste. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 1a
14:39
Entzun

Koronabirusaren pandemiak lehenbizi eta Baiko enpresako pilotarien lan gatazkak ondoren hankaz gora jarri zuten esku pilota profesionalaren egutegi osoa. Enpresen Liga saiatzen ari da nola edo hala txapelketa guztiak joka daitezen, apurka-apurka jardun nagusia ohiko datetara buelta dadin. Halaxe egin zuen binakakoarekin lehenbizi —ostiral honetan jokatuko da finalerdia, eta datorren asteartean finala—, eta banakakoarekin gero. Eta halaxe egingo du orain lau eta erdikoarekin.

Larunbat honetan hasiko da, eta amaitu berri den banakakoaren lehiaketa sistema bera izango du: hurrengo lau asteburuetan jokatuko da, eta hilaren 27an izango da finala, Bilbon. Lau eta erdiko Txapelketaren historian bigarren aldiz, kanporaketak izango dira partida guztiak, hau da, kale edo balekoak. 2001ean, txapelketaren lehen ekitaldian besterik ez zen jokatu sistema horrekin. Ordutik, beti jokatu izan zen ligaxkaren bat: hasieran, finalerdietan, eta azken urteetan, final-laurdenetan. Baina ez dago astia galtzerik, ez osasun egoeragatik, ezta denboragatik ere. Izan ere, Enpresen Ligaren asmoa da lau eta erdikoa amaitu bezain laster hastea hurrengo banakakoa jokatzen.

Banakakoaren sistema bera, eta parte hartzaile ia berberak. Hamabi pilotari ariko dira, enpresa bakoitzetik sei. Buruz burukoa jokatu duten hamabi pilotarietatik hamar lehiatuko dira lau eta erdikoan. Aldaketa bakarra dago enpresa bakoitzean: Aspen, Peio Etxeberria ariko da Dario Gomezen ordez; eta Baikon, Iñaki Artola Joanes Bakaikoaren partez.

Larunbat honetan jokatuko dituzte final-zortzirenetako aurreneko bi partidak, Azkotian (Gipuzkoa), 17:45ean hasita. Artola eta Jon Ander Peña ariko dira lehenbizikoan, eta Danel Elezkano eta Iraitz Zubizarreta bigarrengoan. Artola eta Peña II.aren arteko irabazleak Joseba Ezkurdia izango du aurkari final-laurdenetan, bi aste barru. Elezkano II.aren eta Zubizarreta III.aren artekoak, berriz, Jokin Altunarekin neurtuko ditu indarrak.

Igande honetan, berriz, final-zortzirenetako beste bi norgehiagokak jokatuko dituzte, Eibarren (Gipuzkoa), 17:00etan. Lehenengoan, Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria ariko dira, eta bigarrengoan, Asier Agirre eta Peio Etxeberria. Bigarren neurketa hori, hala ere, binakakoaren finalerdietan gertatzen denaren mende dago. Hala, Agirrek eta Jon Ander Albisuk ostiral honetan Bilbon Ezkurdiari eta Julen Martijari irabazi eta finalerako sailkatuz gero, Agirrek datorren asteko ostegunean jokatuko luke lau eta erdiko lehia, hau da, finala jokatu eta bi egunera. Irribarriaren eta Bengoetxea VI.aren artekoaren irabazleak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari final-laurdenetan, eta Agirre eta Peio Etxeberriaren artekoak, Erik Jaka buruz buruko txapelduna.

Finalerdiak hiru aste barru jokatuko lirateke, hilaren 19an eta 20ean. Artolak, Peña II.ak edo Ezkurdiak Agirre, Peio Etxeberria edo Jaka izango luke aurkari, eta Elezkano II.ak, Zubizarreta III.ak edo Altunak III.ak, Irribarria, Bengoetxea VI.a edo Urrutikoetxea.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.