Sagarduik esan du hilaren 9an aztertuko dutela Gabonetarako neurriak nola bete

Madrilen hitzartutako neurriak «oinarrizko» puntu batzuk direla esan du; Nafarroan ere horietan oinarritutako erabakiak hartzeko agindu dute

arantxa iraola
2020ko abenduaren 3a
10:49
Entzun

Abenduaren 9an aztertuko du Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak ea nola ezarriko diren atzo Madrilen hitzartu zen planeko irizpideak; alegia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izurriari aurre egiteko asmoz emandakoak. Plan horren arabera, erkidegoen arteko joan-etorriak mugatuta egongo dira Eguberrietan, eta soilik familiarteko topaketetarako onartuko dira bidaiak; 01:30 arte luzatuko da etxeratzeko ordua Gabon gauean eta Urtezahar gauean, eta debekatuta egongo da jende pilaketak eragin ohi dituen ekitaldi oro, edozein dela ere. Plan horretan «oinarrizko» puntu batzuk hitzartu zirela esan du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta hilaren 9an aztertuko direla horien gaineko zehaztapenak, egoera epidemiologikoari erreparatuta.

«Pandemia baten erdian» egoteak dakarrena ezin dela ahantzi esan du Sagarduik, eta zorrotz jokatu behar dela. Ez du zehaztu, ordea, oinarrizko akordio horretan hitzartutako neurriak zorrozteko asmorik duenik: «Datorren astean jakingo dugu zein izango diren neurri horiek Euskadin, eta nola ezarriko diren». Atzoko bileraren aurretik ere esana zuen sailburuak erkidegoek era izan behar zutela «egokitzapenetarako», akordio zabal baten barruan, betiere. Neurriez harago, hala ere, begirada zabalagoa behar dela oroitarazi du: «Ez gaitezen gera neurri batean edo bestean, baizik eta egoera orokorrean».

Nafarroako Gobernuak ere begi onez jo ditu atzo Espainiako Gobernuarekin hitzartutakoak; horiek oinarri hartuta, esan du hilaren erdialdera egingo dituela erkidegoari dagozkion zehaztapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.