GIZA ESKUBIDEAK

Carlos Martin Beristainek irabazi du Rene Cassin saria

Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait gatazkaren konponbidetan bizikidetzaren arloan egin dituen ekarpenak saritu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunerako leloa ere aurkeztu dute: 'Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak'.

Carlos Martin Beristain. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 4a
11:14
Entzun

Carlos Martin Beristainek (Bilbo, 1959) jasoko du aurten Rene Cassin saria, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia, eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean iragarri duenez. «Hamarkadetan zehar eta munduko hainbat lekutan giza eskubideen sustapenean eta defentsan lagundu duelako» saritu dute Bilboko psikologia eta medikuntzako doktorea, Artolazabalen hitzetan. Izan ere, beren ibilbide pertsonalari edo profesionalari esker «giza eskubideak sustatzearekin, babestearekin eta hedatzearekin duten konpromisoa» erakusten duten pertsonen edo taldeen lana publikoki saritzeko helburuz sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria, 2003an, eta aurten erabaki dute Beristainek arlo horretan egin duen lana txalotzea. Artolazabalek saritua honela definitu du, goizean haren berri emateko egin duen agerraldian: «Euskaldun unibertsala eta giza eskubideen defendatzaile amorratua».

Giza eskubideen aldeko Argituz elkarteak proposatu zuen Beristainen hautagaitza, eta epaimahaiak aho batez izendatu zuen saritu. Izan ere, epaimahaiaren ustez, Beristainek egiten duen lana «erabat egokitzen da sariaren printzipioetara; alegia, erabat hautsita dauden eta gatazka bortitz larriek astindu dituzten gizarteetako biktimen memoria berreskuratzeko eta haiei laguntzeko lana, baita irakaskuntzako, ikerketako eta giza eskubideen urraketa larrien prebentziorako lana ere».

Gogoratu dute, besteak beste, Euskal Herrian, Saharan, Guatemalan eta Kolonbian lan egin duela. Monika Hernando Jaurlaritzako Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren zuzendariak azaldu duenez, hain zuzen, Beristainek «esperientzia handia» du munduan «biktimen arreta psikosozialean». Hernandok azaldu duenez, Beristain aholkulari izan da hainbat herrialdetako Egiaren Batzordeetan, eta Guatemalako Memoria Historikoa Berreskuratzeko txostena koordinatu zuen, bertzeak bertze. Halaber, gaur egun Egiaren Batzordeko kidea da Kolonbian, baita Ayotzinapako (Mexiko) 43 desagertuen kasurako Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko Aditu Independenteen Diziplinarteko taldeko kidea ere. BERRIAk herrialde horietan egiten duen lanaz galdetu zion 2017an, eta honela adierazi zuen: «Enpatiaz soilik uler daiteke biktimen familien errealitatea».

Saria, hilaren 10ean

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak emanen dio Beristaini saria, abenduaren 10ean: alegia, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak abenduaren 10eko Giza Eskubideen Nazioarteko Egunerako aukeratu duen leloa aurkeztu du gaur goizeko agerraldian: Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak. Artolazabalek nabarmendu du «euskal gizarte adiskidetua eta baketsua» duela helburu hark gidatzen duen sailak: «Aurrean giza eskubideekiko errespetuaren, defentsaren eta sustapenaren printzipioa duen euskal gizartea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.