Ingurumena

Iruñea «mediterraneoa», 2050 alderako

Udalak aztertu du klima aldaketak nola eragingo liokeen hiriari. Mende erdialderako Andaluziako klimaren tankerakoa izan dezakeela ondorioztatu du.

Hurrengo urteetan bero kolpeak ugaritu litezkeela ondorioztatu dute. ANDONI CANELLADA / FOKU
mikel p ansa
2020ko abenduaren 4a
12:22
Entzun

Klima aldaketak joera berarekin jarraitzen badu, Mediterraneo aldeko klimaren antzeko bat izan dezake aurki, Iruñeko udalak Go Green proiektuaren barruan egin duen azterketaren arabera. Tenperaturak igotzen jarraitzen badu eta euri kolpeak gero eta sarriagoak badira, ondorioak kliman ez ezik herritarren osasunean eta hirian bertan ere nabarituko dira, azterketa horren arabera.

Klima aldaketak nolako ahuldadeak eta arriskuak ekar ditzakeen aztertu dute. Lehorteak eta uholdeak ugaritu litezke, hasteko. Aspaldian, mendebaldeko kostako klima maritimo etiketaren pean sailkatu izan da Iruñea, baina gaur egun subtropikal heze gisa katalogatzen da, eta etorkizunean uda hotzeko mediterraneoa bihur liteke, eta erabat mediterraneoa 2050 aldera.

Bero oldeek eta lehorteek heriotza tasak handitzea ekar dezaketela uste dute, bestalde, eta horrek adin piramidean eragina izan dezakeela, besteak beste arnas aparatuko gaitzak zabalduko direlako. Zeharkako eraginak lirateke horiek.

Baina ingurumenean zuzenean ere eragingo du: eremu berdeak gutxitu eta lehortuko dira, eta horrek gizartean eta ekonomian ekar ditzake ondorioak: lehen sektorean, kaleko zerbitzuetan, aire libreko jardueretan... Euria kolpeka egiteko joera hartzen badu, berriz, Mediterraneoan ohi duen bezala, ura drainatzeko beharrak handituko dira.

Tenperatura, 0,24 gradu gora hamarkadaka

1961etik eta 2019ra bitartean, hamarkada bakoitzean 0,24 gradu igo da tenperatura Iruñea aldean. Bero handiko egunak 12 izan ohi dira orain, urtean, baina mende erdialderako 28 izan daitezke. Euriaren joeran ez dute ikusi hainbesteko aldaketarik 1961etik honako datuetan, baina datozen urteetan euri zaparrada indartsuak ugaritu egin litezkeela uste dute: egun gutxiagotan euri gehiago egingo duela, alegia. Uholdea arriskua handituko luke horrek. Urtaro jakin batzuetan pilatuko lirateke prezipitazioak, gainera, baina uztailean eta abuztuan %63 eta %53 urrituko lirateke, hurrenez hurren. Etxeetako ur hornikuntzan eragina izan dezake horrek, neurriak hartu ezean.

Iruñeak daukan gastu energetikoa ere aztertu du udalak. Urtean 4,5 milioi megawatt-ordu gastatzen dira hirian, eta %54 petroliotik eratorria da. Baina gas naturala ere aintzat hartzen bada, kontsumitzen den energia guztiaren %80k erregai fosiletan du jatorria. Garraioak gastatzen du erdia baino gehiago; etxeek energia horren %22 kontsumitzen dute, eta industriak, %13. Gastu energetiko horrek ekartzen du atmosferara 1,1 milioi tona CO2 isurtzea.

2018koa da datuan: Iruñeak urte hartan gastatu zuen energia guztiaren %10 soilik zen berriztagarria. Eta %10 horren zati bat, gainera, garraio sektoreak derrigortuta darabiltzan bioerregaiak dira.

Hala ere, udalak uste du kontsumo energetikoak beheranzko joera izango duela eta 2030ean %15eko gutxitze bat izan dezakeela.

Udala trantsizio energetikorako eta klima aldaketako 2030ari begira lantzen ari den estrategiaren parte da ikerketa hau. Kontsumo energetikoa gutxitzea eta, horrela, atmosferara igorritako isuriak gutxitzea du helburu nagusia. Horretarako, energia berriztagarrien kontsumoa handitu nahi du, eta klima aldaketak ekar ditzakeen aldaketetarako prestatu nahi du. Ekinbide zehatzak aztertzen ari dira, horri lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.