Bilboko portuko lan gatazka

Bilboko portuko zamaketariak greba utziko dute negoziazioei berrekiteko

57 eguneko protestaldiaren ondoren larunbatean lanera itzuliko dira Lan Ministerioaren bide orria errazteko. Enpresak baldintza zorrotzak jarri dituen arren, elkarrizketaren aldeko apustua berretsi dute zamaketariek.

Bilboko portuko lautada, edukiontziz beteta. FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 4a
15:32
Entzun

Bilboko portuko zamaketariak lanera itzuliko dira larunbateko 08:00etan. 57 eguneko grebaldiaren ondoren Espainiako Lan Ministerioak gatazka konpontzeko diseinaturiko bide orriari eutsiko diote, eta horretarako ezinbestekoa zen greba uztea. Iragan astelehenean hartu zuten erabakia, baina Bilbo Estibak zamaketa enpresak negoziazioei baldintza zorrotzak ezarri ondoren, zamaketarien ordezkariak berriz ere bildu dira, eta negoziazioei argi berdea ematea erabaki du langile batzordearen gehiengoak.

Lan Ministerioa izan da bide orria martxan dela baieztatu duena. Gauzak hala, zamaketarien ordezkari eta enpresak beraien arteko negoziazioak hasi behar dituzte. Bi aldeek onarturiko bide orriaren arabera, gutxienez bi aldiz elkartu beharko dira abenduaren 21aren aurretik. Ondoren, 22an, hiruko bilera bat egin beharko dute, enpresak, sindikatuak eta Espainiako Lan Ministerioa elkartuko dituena. Ondoren enpresa eta sindikatuen arteko bigarren negoziazio prozesu bat hasiko da urtarrilaren 12ra arte. 13an berriz bilduko dira hiru aldeak.

Asteak dira enpresa eta zamaketariak ez direla biltzen, eta ez da erraza izango bideari ekitea. Azken hilabeteetan hainbatetan bildu dira, baina Lan Ministerioaren presioak akordioa erraztu dezake. Momentuz greba bertan behera utziko dute, abenduaren 9ra arteko deituta baitzuten. Ikusi beharko da bide orriak fruitua ematen duen. Hala izan ezean gatazka luzatu egingo da urtarrilean. Behin horra iritsita, zaila litzateke arbitraje loteslea saihestea. Enpresek publikoki edan dute bide hori gustuko dutela, ez ordea sindikatuek, eta dirudienez, ezta Espainiako Gobernuak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.