Madrilek hamabost edo hogei milioi lagun txertatu nahi ditu ekainerako

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriei «babes esplizitua» erakutsi die Salvador Illak, Donostiara egin duen bisitan.

Salvador Illa,Donostian prentsaurrekoa emate. JAVIER ETXEZARETA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abenduaren 4a
17:39
Entzun

Donostian izan da gaur Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa, Viralgen enpresan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin batera. Illak ondoren emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, segur aski COVID-19aren aurkako txertoa ekoizten hasiko dira bertan.

Kazetarien galderei erantzunez, txertaketari buruzko zehaztasun batzuk eman ditu. Hiru etapa izango ditu planak, eta lehenengoan, lau talde txertatzeko asmoa dute: adinekoen egoitzetan dauden pertsonak, haiek artatzen dituzten osasun langileak, «lehen lerroan» dauden osasun langileak  eta menpekotasun handia daukaten pertsonak. Txertaketa horiek urtarrilean eta otsailean egin nahi dituzte, eta espero dute bi milioi eta erdi lagunengana iristea. Txertaketa kanpainarekin urtarrilaren hasieran hasi nahi dutela esan du, baina ez du data zehatzik eman. Ziurtatu du prest egongo direla lehen dosiak iristen direnerako. Beste aurreikuspen baten berri ere eman du: maiatz-ekainetarako hamabost eta hogei milioi pertsona artean txertatzea. Horretarako, ordea, bi baldintza bete behar direla azpimarratu du: Sendagaien Europako Agentziak txertoa laster baimentzea eta dosien «entrega eraginkorra» egitea.

Datuen errepasoa ere egin du Illak. Haren hitzetan, egoera hobetzen ari da, baina oraindik kopuruak handiak dira. Hori dela eta, eskatu du Gabonetan etxean geratzeko: «Zenbat eta mugikortasun gutxiago, hobe».

Babesa Jaurlaritzari

Illak Euskal Herrira egindako bisita aprobetxatu du Eusko Jaurlaritzaren, eta, bereziki, Gotzone Sagarduiren «kontsentsurako eta akordiorako izpiritua» eskertzeko. Gainera, «babes esplizitua» adierazi zien Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko hartu dituen neurriei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.