Osasuna 0 - 2 Betis

Osasunak atzerapausoa eman du

Bolada txarrean zegoen Betis, eta nagusitu egin da Sadarren, Iglesiasen eta Mirandaren golei esker. Jaitsiera postuetan da Osasuna.

Ante Budimir, atzo, Betiseko jokalariz inguratuta. JESUS DIGES / EFE
2020ko abenduaren 7a
09:25
Entzun

Irabazi beharreko neurketa zirudien atzokoak. Bolada txarrean zebilen Betis, bere jokalari garrantzitsuenen lesioak tarteko, eta puntuen beharrean zegoen Osasuna. Gorritxoek ez zuten, ordea, behar hori zutenik erakutsi.

Lehen zati astuna jokatu zuten bi taldeek. Betisek izan zituen pare bat gol aukera ondo konpondu zituen Sergio Herrera atezainak, Fekirren jaurtiketa bati egindako geldiketa ikusgarri bat tarteko. Osasuna, berriz, joko zuzena baliatzen saiatu zen, eta haietako batean lotu zuen gola ere. Ante Budimir, ordea, gutxigatik, jokoz kanpo zegoen.

Bi taldeek lekua galtzeko asmorik gabe jokatu zuten, eta ez zen lehia ikusgarria izan. Betisek, ordea, aldaketekin asmatu zuen, eta zelaira sartu eta lau minutura gola sartu zuen Borja Iglesiasek. Kontraeraso bikaina jokatu zuen Sevillako taldeak, eta baloia bultza besterik ez zuen egin behar izan aurrelariak. 

Azken minutuetan gehiago gerturatu zen Osasuna Betisen areara. Aukerarik, ordea, ez zuten sortu, eta hori baliatu zuten andaluziarrek bigarrena egiteko: Joaquinen erdiraketa batean Mirandak aurrea hartu zion Nacho Vidali, eta huts eta bikoa ezarri zuen markagailuan. Emaitza honen ondorioz, jaitsiera postuetan da Jagoba Arrasateren taldea.

Osasuna: Herrera; Roncaglia, Aridane, David Garcia, Iñigo Perez (Nacho Vidal, 80'); Brasanac (Sanjurjo, 46'), Moncayola, Ruben Garcia (Barja, 73'), Roberto Torres; Budimir eta Enric Gallego (Calleri, 65').

Betis: Robles; Emerson, Victor Ruiz, Bartra, Moreno; Guido, Carvalho, Guardado (Miranda, 82'), Aitor Ruibal (Joaquin, 82'), Fekir (Sidnei, 91') eta Loren (Iglesias, 72').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.