Koronabirusa

Gabonetan adinekoen zaintza hobetzeko neurriak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Egoiliar bakoitzari 18 minutu gehiago eskainiko dizkiete egunean, horretarako langilerik kontratatuko ez badute ere. Bisitak bi senidekoak izango dira abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua. GIPUZKOAKO FORU ALDUND
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 10a
13:53
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak hamahiru neurri kaleratu ditu Gabonetara begira “adinekoen bizi kalitatea eta ongizate emozionala babesteko” asmoz. Neurri horien artean daude arreta ratioak %9,2a igotzea, 18 minutu gehiago egoiliar bakoitzeko; nahiz eta horretarako ez dituzten langile gehiago kontratatuko. Psikologiaren, fisioterapiaren eta terapia emozionalaren alorrean, aldiz, bikoiztu egingo dituzte lantaldeak. Bisitak ere gehitzeko asmoa azaldu du, eta abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean bi senidek bisitatu ahalko dituzte egoiliarrak. Aldundiak ez du baztertu neurriak Gabonak pasata ere mantentzea, “erantzun egokia” izaten badute.

“Horrelako planak martxan jartzeko orduan pertsonak ditugu gogoan, beraiek dira lehentasun nagusia”, adierazi du Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Gogorarazi du pandemiaren bigarren olatuak 99 hildako utzi dituela herrialdeko egoitzetan. Haren hitzetan, orain arte ezarritako politikek egoiliarren “osasuna eta segurtasuna bermatzea” helburu izan badute ere, egoiliarrei ondorio psikologiko eta emozionalak eragin dizkie. Hori horrela, Goxatu plana aurkeztu du diputazioak, gizarte eragileekin elkarlanean eta familiekin, langileen ordezkariekin eta zentroetako talde arduradunekin kontrastatuta.

Hiru alor nagusiri ezarriko dizkiete neurriak. Lehena, ratioei dagokiena: egoiliar bakoitzari 18 minutu gehiago eskaini ahal izango dizkiete langileek. Horretarako, egoitzaz egoitzako azterketa egin dutela adierazi du Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, eta herrialdeko 65 zahar egoitzetan 400 lekutik gora libre utziko dituzte, ordainduta baina egoiliarrik gabe. Horrela, lantaldeak mantenduko dira, baina egoiliar gutxiagorekin denbora gehiago izango dute bakoitzari eskaintzeko. Alta, zentroetako zenbait alorretan —psikoterapian, fisioterapian eta terapia okupazionalean—, bikoiztu egingo dituzte lantaldeak. Neurri hori Gabonak igaro eta gero ere mantenduko dutela adierazi dute.

Egoiliarren bisitak ere areagotuko dituzte: familiarekin harremana “errazten saiatzen” direla argudiatuz, betiere ingurugiro seguru batean. Hori horrela, abenduaren 23a eta urtarrilaren 6a artean bi senideko bisitak izan ahalko dituzte egoiliarrek, eta neurri hori luzatzeko aukera dagoela adierazi dute, “emaitza onak” ematen baditu. Bestalde, Gabonetan egoitzetatik irten ahalko dira egoiliarrak; 30 egun baino gehiago egiten badituzte kanpoan, familiek ez dute lekua ordaindu beharko, eta laguntza ekonomikoa jasoko dute. Egoitzara bueltatzean, ostera, PCR proba eta berrogeialdia egin beharko dituzte egoiliarrek.  Zahar etxeetatik kontaktua mantentzeko, pantaila handi bana erosi die diputazioak herrialdeko egoitzei. Bisitak soilik ez, irtenaldiak ere areagotzeko asmoa azaldu dute. Horretarako egoitzetatik kanpo dauden parke edo plazetan “eremu seguruak” sortu dituztela adierazi dute, adinekoak irten daitezen. Oraingoz, bederatzi egoitzatan egin dute, eta datozen asteetan 21 prest izatea aurreikusi dute.

“Herrietako bizitza egoitzetara eramateko asmoz”, Gipuzkoako sektore sozialeko hainbat eragilerekin elkarlana bultzatu dutela ere gehitu dute: Nagusilan elkartearekin senitartekoen bideoak grabatuko dituzte. Bertsoak ere izango dira, Lankurekin eta Sebastian Lizaso bertsolariarekin elkarlanean. Gizaldek ere hartuko du parte, herrietako bandek emanaldiak egin ditzaten. Mundukide eta Harreman elkarteak, azkenik, abenduaren 24an kontzertua antolatuko dute lurraldeko egoitza guztietan.

"Tranpa"

ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dute gaurko eta bihar egoitzetako hitzarmen "duin" baten alde. Diputazioak hartutako neurriengatik galdetzean, ratioak igotzea beti positiboa dela adierazi du ELAko eledun Aimar Etxeberriak, baina neurri horiek "tranpa" dutela salatu du. Izan ere, ratioak igo badira ere, langile berririk ez dute kontratatuko, eta beraz, neurriak "nahikoa ez" direla adierazi du. 

Bestalde, bi sindikatuak kexu azaldu dira ezarritako %100eko gutxiengo zerbitzuekin. LABeko eledun Ane Sarriegik salatu du langileek eskubideak aldarrikatzeko duten "tresna bakarra" kendu dietela. ELAko eledun Aimar Etxeberriak ere salatu egin du erabakia, eta gehitu du egun normal batean baino langile gehiago izango direla bi greba egunetan: "paradoxikoki, greba egunotan egun normaletan baino langile gehiago egongo dira; intzidentziak askotan ez baitira ordezkatzen".

Egoitzak mahai gainean

Gainontzeko lurraldeetan ere iragarri dituzte neurriak Gabonei begira. Nafarroako kasuan,  gobernuak jakinarazi du Gabonetan egoiliarrak etxera joan ahal izatea baimentzea aztertzen ari direla.

Bizkaiko kasuan, aldiz, uko egin diote zaharren egoitzen inguruan egoiliarrek paseatzeko  eremuak sortzeari. EAJ eta PSEk eman diote ezezkoa Elkarrekin Podemosen proposamenari, eremu horiek sortzeak egoiliarrak “bakartu” egingo lituzkela argudiatuz. Elkarrekin Podemosek, aldiz, azpimarratu du eremu horiek “sozializazio eremu seguru” izango liratekeela, eta gogorarazi du Nafarroan ere antzerako proposamena egin zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.