ELA eta LABek «hitzarmen duin baten alde» batzartu dadila eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari

Greba egunak izan dituzte atzo eta gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, ELAk eta LABek deituta. Gaurko manifestazioan, «sektorea duintzeko» eskatu diote aldundiari.

ELA eta LAB sindikatuek deitutako manifestazioa, Donostian. JON URBE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 11
14:50
Entzun

246. greba eguna izan dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. ELA eta LAB sindikatuek deituta, manifestazioan abiatu dira Donostiako Gipuzkoa plazatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren paretik. Hain zuzen ere, aldundiari egin dizkiote bere eskariak: “hitzarmen duin bat behingoz onartzeko” eskatu diote, eta alde guztietako ordezkariak kontuan hartzeko horretarako. Bi sindikatuek bilera bat eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Aldundiak atzo kaleratutako neurriak «benetakoak badira aurrerapausoa» dela adierazi du LABeko kide Leire Ormazabalek. Baina ELAko Janire Diazek gehitu du pauso hori ez dela “nahikoa”: «Neurriak ez dira nahikoa; zenbakiak ez dira aldatuko horrekin. Lan baldintzak ez dituzte aipatu ere egin. Pauso gehiago eman behar dira, eta ratioak are gehiago igo behar dira: 2008tik daude aldatu gabe».

Senideen elkarteak ere bertaratu dira langileei babesa adierazteko. Haien hitzetan, egoitzetako langileekin «zor handia» dute, eta beren lan baldintzak hobetzeak egoiliarren bizi kalitatea hobetzea ekarriko du ezinbestean. «Erreta» daudela aitortu dute, baina mobilizazioak izan bitartean parte hartzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Bi sindikatuek greba antolatua zuten atzo eta gaur, eta salatu dute gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan direla: «Langile guztiok dugun greba eskubidea urratu digute», adierazi du Ormazabalek. Dena den, mobilizazio gehiago iragarri dituzte datorren asterako, abenduaren 15erako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.