Azpiegitura handiak

AHT eraikitzeko dirua gastu sozialera bideratzeko eskatu dute Iruñean eta Bilbon

Protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren egoitzen aurrean, eta «arduraz jokatzeko» eskatu diete erakunde horiei.

Aritz Loiola / Foku. AHTREN KONTRAKO PROTESTA EUSKO JAURLARITZAK BILBON DUEN EGOITZAREN AURREAN
Iker Tubia.
2020ko abenduaren 12a
13:41
Entzun

Elefante zuri handi bat buru zutela protesta egin dute AHTren kontrakoek gaur eguerdian. Orain Ardura plataforma azpiegitura hori sustatzen ari diren erakundeei zuzendu zaie: Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari. «Erakundeek AHTan funts publikoak xahutzen jarraitzea iraingarria da», esan du Nerea Vianak Orain Arduraren izenean. «Arduragabekeria handi honen erdian gutxieneko zuhurtzia baino ez dugu eskatzen. Obra hori berehala geldiarazteko eskatzen dugu, eta funtsak sistema publikoa indartzera bideratzeko, bizi baldintza duinei euste aldera».

Elefante zuririk ez leloarekin atera dira kalera AHTren kontrakoak. Mendebaldeko kulturan elefante zuriak onurak bainoago galerak ekartzen dituzten jabetzei egiten die erreferentzia, edo jabeari kalte eta besteri onura ekartzen dieten horiei. «AHT da Euskal Herriko elefante zuririk handiena. Antzinako Thailandiako elefante zuriek bezala, ustezko onuradunak hondamendira eramaten ditu eta etorkizuneko belaunaldiei betiko hipoteka eragiten diete», azaldu du Vianak.

Bozeramaileak esan duenez, azpiegitura hori egiteak 12.000 milioi euroko kostua du, eta diru publikoarekin «eliteei soilik mesede egiten dien» proiektu bat ordaintzea «iraingarria» dela salatu du. «Denok dakigu azpiegitura honek ez duela inoiz funtzionatuko; eraikitzen jarraitzea dirua zakarrontzira botatzea da. AHTarekin jarraitzeak ez zuen inolako justifikaziorik inoiz, are gutxiago azken ehun urteetako krisirik handienaren erdian». Horregatik eskatu dute AHT eraikitzeko lanak gelditu eta diru hori gastu sozialera bideratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.