Reala 1 - 1 Eibar

Merezitako puntua

Eibarrek ez dio neurketa kontrolatzen utzi Realari, eta irabazteko aukerak izan dituzte bi taldeek. Alguacilek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan, eta Barrenetxea eta Enrich izan dira goleatzaileak.

Bryan Gil, atzo, Realeko jokalariz inguratuta. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 14a
08:33
Entzun

Zelaian ikusi zena ikusita, Realak eta Eibarrek ontzat jo dezakete atzo eskuratu zuten puntua. Puntu horri esker, Espainiako Ligako lidergoa berreskuratu dute donostiarrek —Atletico Madrilek galdu egin zuen—, eta armaginek etxetik kanpo talde fidagarria direla erakusten jarraitzen dute. Sailkapenean hamargarren dira, hamabost punturekin.

Joan-etorriko neurketa izan zen gipuzkoarren arteko derbia. Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak aldaketa asko egin zituen bere ohiko hamaikakoan, eta hori igarri egin zen taldearen jokoan. Baloiaren jabetza izatera eta neurketa menderatzera ohitu dituzte donostiarrek zaleak, baina atzo ez zen horrelakorik ikusi Anoetan; Eibarren presioak baloia nahi bezala jokatzea galarazi zion Realari.

Dena den, donostiarrenak izan ziren lehen zatiko gol aukera onenak. Lehenik, zelai erdian berreskuratu zuen baloi bat erdiratu zuen Merquelanzek, baina ate aurrean, bakarrik, nahastu egin zen Isak, eta ez zuen baloia errematatu ere egin. Huts ulergaitza egin zuen aurrelari suediarrak. Azkenaldian gol aukera asko huts egiten ari dira donostiarrak, eta atzo ere mamu horiek azaldu ziren Barrenetxeak uxatu zituen arte.

Aldaratze batean, area kanpotik, gol bikaina eskuratu zuen 18 urte eskas dituen aurrelariak. Bikain jo zuen baloia, eta ezin izan zuen ezer egin Dmitrovicek; hiru neurketa zeramatzan Eibarrek golik jaso gabe. Jarraian, partidako minuturik txarrenak jokatu zituen Mendilibarren taldeak, eta aldea handitzeko abaguneak izan zituen Realak: lehenik Roberto Lopezek, eta gero, berriz, Barrenetxeak. Beste behin, Dmitrovicek salbatu zuen Eibar.

Joera aldaketa

Bigarren zatian bestelakoa izan zen lehia. Takashi Inui sartu zuen zelaian Mendilibarrek, eta alboetatik min egin zieten armaginek txuri-urdinei. Eskuinetik Inui, ezkerretik Bryan Gil, eta haien erdiraketak errematatzeko Kike Garcia eta Sergi Enrich. Gil mugitu zen gehien, eta lortu zuen saria: Zalduari eta Le Normandi izkin egin zien, haren erdiraketa Inuik errematatu zuen, aldaratzea Enrichi iritsi zitzaion, eta aurrelariak ez zuen huts egin. Ia urtebete zeraman golik sartu gabe, baina atzo minutu onak egin zituen zelaian, eta gol garrantzitsua sartu zuen, gainera.

Neurketa amaitu bitartean, bi taldeek izan zituzten aukera garbiak. Bat, Enrichek berak; buruz, kanpora bota zuen Inuiren erdiraketa bat. Realak, berriz, eskuratu zuen gola, baina epaileak balio gabe utzi zuen. Silvak ateratako falta bat Le Normandi iritsi zitzaion, hark Zubeldiari utzi zion, eta azkoitiarrak sarera bidali zuen baloia, baina jokoz kanpo zegoen. Bi taldeak ondo borrokatu ziren puntua eskuratzeko.

Reala: Remiro; Zaldua, Le Normand, Sagnan (Zubeldia, 58'), Aihen; Gebara, Roberto Lopez (Silva, 69'), Merino (Zubimendi, 58'); Barrenetxea (Bautista, 63'), Merquelanz eta Isak (Portu, 63').

Eibar: Dmitrovic; Correa (Inui, 46'), Burgos, Bigas (Kevin, 41'), Arbilla; Pozo, Exposito, Diop (Sergio, 76'), Bryan Gil; Muto (Enrich, 46') eta Kike Garcia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.