Levante 2-1 Reala

Realak galdu egin du Levanteren zelaian, arerioek markagailua iraulita

Txuri-urdinak aurretik jarri dira markagailuan, baina Levanteren bi golek esku hutsik utzi dute. Alexander Isakek faltaz lehendabiziko gola egin du.

Robin Le Normand, burumakur, Levantek bigarren gola egin ostean. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 19a
21:10
Entzun

Futbolak baditu idatzi gabeko zenbait lege, eta horietako bat da ate aurrean barkatuz gero garesti ordaintzen dela kamustasun hori. Horixe gertatu zaio gaur Realari; donostiarrak nagusi izan dira lehendabiziko zatian, nahieran menderatu dute Levante, baina atearen aurrean ez dira behar bezain eraginkor aritu. Levantek bere momentuak probestu ditu, eta Realak ez. Hiru puntuak eskuratu dituzte etxekoek, eta esku hutsik itzuliko dira txuri-urdinek. Hortan datzan futbola.

Egia esatera, matrailean eman dio Levantek. Kolpe handia izan da txuri-urdinentzat. Aurrez, Bartzelonaren zelaian galtzetik zetorren, eta bazuen bolada motz bezain eskasari iraulia emateko grina. Irabazteko partida zuen, baloiarekin hobeto aritu da 80 minututan zehar, baina kale. Azken metroetan asmatu ezinik ari dira Imanol Alguacilenak, eta horixe bilakatu da beren lasta: egiten dituen aukerak kontatuta, gol gutxi sartzea.

Hasi, horri erreparatu gabe hasi da Reala. Nahi zuen aurrerako urrats bat egin, eta lehen zatia hasi orduko hartu du partidaren gidaritza. Nagusi izan dira zelaian; Levanteren zelaian jokatu dute une oro, baina Aitor Fernandez arrasatearra gehiegi estutu gabe.

Orain arteko eskematik atera behar izan du Realak; jokaldietan ezin minik egin, eta, onena, geldikako jokaldietan egitea zuen. Bai egin ere: orain artean halakoetan kamuts aritutako Alexander Isakek falta bat jaurti du, eta aurretik jarri du Reala. Levanteko jokalari batean jo du baloiak, baina, bestela ere, sareetarako bidean zen baloia.
Orduantxe hartu zuen trazarik politena norgehiagokak. Markagailuan aurretik jarrita, pixkanaka-pixkanaka bere bidea egiteko moduan ziren. Ezin, ordea.

Izan ere, 22. minutuan sartu du gola Isakek, baina pozak gutxi iraun dio Realari. Bost minutu geroago erasora egin du Levantek, eta orduan heldu da etxekoen lehendabiziko gola. Dani Gomezek jaurtiketa indartsu bat egin du. Alex Remiro atezainak ezin izan du hura arearen eskuin aldera urrundu, eta area txikian utzi du baloia. Levanteko Roger aurrelariak ez du hori alferrik galdu: nahieran egin du errematea, eta berdinketa ezarri du markagailuan (1-1, 27. min). Hortik aurrera, hustera egin du Realak. Ordura arte erakutsitako nagusitasuna urardotu egin zaio, eta ezin izan du nagusitasunez aritu zelaian. Taldeak orekatuta heldu ziren atsedenaldira.

Bigarrenean garaipenaren bila abiatu ad Reala, eta Imanolek zituen erasoko jokalari denak zelairatu ditu. Tartean,Willian Jose. Ez zaio baleko izan: aukera bakan batzuk salbu, eskas aritu dira txuri-urdinek, eta Levantek profitatu zuen 87. minutuan izandako aukera. Remirorek nor bainor aritu, eta gola sartu zuen. Alferrik izan ziren ondorengo saildiak: matrailekoa hartu du Realak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.