EUSKAL PRESOAK

«Zerbait mugitzen ari» bada ere, urtarrilaren 9an karrikara ateratzeko deia egin dute

Sarek, Bake Bideak eta Bakegileek elkarrekin egin dute urtarrilaren 9an euskal presoen alde «Pirinioen bi aldeetan» eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia. Deitzaileen ustez, «ez gaude urruntze politikaren amaieran».

Mixel Berhokoirigoin, Anaiz Funosas, Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 23a
12:23
Entzun

Bai Espainian eta bai Frantzian, aldaketak sumatzen ari dira espetxe politikan, baina Sareren, Bake Bidearen eta Bakegileen ustez horrek ez du erran nahi urruntze politika bukatu denik: «Ezin dugu normalizatutzat jo normalizatuta ez dagoen egoera bat». Hiru eragileak batera agertu dira gaur Donostian, euskal presoen alde urtarrilaren 9an eginen diren mobilizazioetara joateko deia egiteko. Onartu dute «zerbait mugitzen ari» dela, euskal presoen hurbilketak eta Frederique Haranburu Xistor-en baldintzapeko askapena lekuko, baina ez dute nahikotzat jo: «Normalizazioa berandutzen ari da. Urte asko dira euskal presoei salbuespen erregimena aplikatzen zaiela». Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete ez ditzatela «epe horiek» gehiago luzatu, eta «haien legedia aplikatu eta gizatasunez» joka dezatela galdegin diete.

Urtarrilaren 9an, 200 mobilizaziotik goiti eginen dituzte Hego Euskal Herriko herrietan, Bidea gara lelopean; eta, Ipar Euskal Herrian, berriz, Argi dugu, bakeranzko bidea, orain presoak izanen da erabiliko duten leloa —Baionan eginen dute protesta nagusia—. 17:30erako deitu dituzte mobilizazio guziak: COVID-19aren ondorioz leku ezberdinetan banatuta, baina, halere, aldi berean.

Salbuespenaren kontra

Mixel Berhokoirigoinek eta Joseba Azkarragak hartu dute hitza Donostiako agerraldian, eta nabarmendu dute mobilizazioa beharrezkoa dela Espainiako eta Frantziako gobernuek salbuespenezko espetxe politika buka dezaten. Urruntzea, gradu progresiorako oztopoak eta eri diren edota 70 urtetik goiti dituzten presoak oraindik ere espetxean egotea dira salbuespenezkotasun horren adierazgarri, Berhokoirigoinen eta Azkarragaren ustez, eta horiek bukatzerakoan baino ez da bertan behera geldituko salbuespena. «Urruntze politikaren amaiera egitate bat izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean. Haien eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu etxerako bidea hasteko aukera mugatzen ez zaienean, eta, horretarako, gradu progresioa aplikatu behar zaie. Eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzen dituztenean. Eta adinekoak aske uzten dituztenean».

Errealitate hori «urrun» dago oraindik, ordea. Datu batzuk eman dituzte horren adierazgarri: Espainiako Estatuan dauden presoen %65 lehen graduan daude oraindik, %40 bigarren graduan, eta %5 baino ez hirugarrenean. Oroitu dute, halaber, pandemiaren aurkako neurrien ondorioz 80 umek baino gehiagok ezin izan dituztela besarkatu preso dituzten gurasoak.

«Iraganean bizi den eta edozein legezkotasun printzipio bere komenentziaren arabera urratzen duen bloke atzerakoiari» ere egin diote erreferentzia, eta «politikan, epaitegietan eta komunikabideetan dihardutenei» eskatu diete ez dezatela «indarkeria erabili gaur egun errealitate balitz bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.